Harremanetarako | Nor gara

Zuia

Euskararen jaiak

Zigoitia

Zigoitia

Euskararen Egunak Euskal Herrian

1949an Eusko Ikaskuntzak piztutako suzia Araban bizirik

Euskararen Egunak ez dira oraingo kontu berriak, bart asmatuak, ez gure herrialdean ez Euskal Herrian. Nork bere hizkuntzaren aldeko ekintzak ez dira arrotzak beste zenbait leku eta naziotan ere. Munduan lau bazterretako jendeak bere hizkuntza goratzeko askotariko ekitaldiak eginak ditu aspaldidanik.
Gure hizkuntzari dagokionez, lehenengo Euskararen Eguna 1949ko abenduaren 3an egin zen. Francoren diktadura garaia tarteko, Iparraldean eta Amerikako zenbait lekutan ospatu zen, Eusko Ikaskuntzaren eraginez. 1918an sortutako erakundeak etorkizuneko euskal unibertsitatearen diseinua egin zuen, autonomia estatutuaren testua idatzi, uda ikastaroak antolatu, Euskaltzaindiaren sorrera bultzatu, ikastoletarako testu-liburuak argitaratu e.a. Gainera, sei biltzar ere burutu zituen aldian aldiko aditu eta ikertzailerik puntakoenak bildurik.
Eusko Ikaskuntzak euskal gizartearen arlo denetara zabaldu nahi izan zuen euskal kulturari buruzko kezka eta, Euskaltzaleak Bazkunak bitarte, antzerti eta olerti egunak, bertsolari egunak eta gisakoak antolatu izan zituen.
Bistan denez, Eusko Ikaskuntzaren ekimenak bertan behera geratu ziren Espainiako Gerra Zibilaren eta gerra ostearen ondorioz. Iparraldean, erakundearen sua pizturik iraunarazten jardun zuen Joxe Miel Barandiaranek, eta Nazioarteko Eusko Ikaskuntza bultzatu zuen. Horrela, beste bi biltzar ere egin zituen instituzioak, bata Miarritzen 1948an eta bestea Baionan 1954ean. 1948an, bestalde, Iparraldeko Euskaltzaleen Biltzarra ere lanean hasi zen eta euskararen aldeko kultur ekitaldiak berpiztu egin ziren.
Ekimen hauek denek Euskararen Eguna aldarrikatzera bultzatu zuten Nazioarteko Eusko Ikaskuntza 1949ko abenduaren 3arekin batera. Harrezkero, ospakizunak egun horixe izan du egutegian.

“1949ko abenduaren 3koa
da lehenengo Euskararen Eguna”

Euskal Herrian ez ezik, Parisen, Mexikon, Caracasen, New Yorken eta bestetan ere ospatu zen Euskararen Eguna. Geroztik, diasporako hainbat lekutan urtero egin da nola-halako ospakizuna, Xabierko Frantziskoren egunarekin batera betiere.

1995ean, Kanpoko Gizataldeen Lehen Mundu Biltzarrean, Uruguaiko ordezkaritzak eguna berrindartzeko proposamena egin zuen. Diasporako euskaldunek egun handitzat zutena Euskararen Egun ofizial izendatzeko eskatu zuten uruguaiarrek.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak ontzat eman zuten proposamena eta abenduaren 3a, Xabierko Frantziskoren eguna, Nazioarteko Euskararen Eguna izendatzea erabaki zuten.

Euskararen Egunak Araban
Xabierko Frantziskoren egunarekin batera datorren Nazioarteko Euskararen Eguna ez ezik, urtean zehar bestelako euskararen egun asko ospatzen dira Araban. Uste baino ospakizun gehiago dira gure herrialdean urtean zehar, eta zerrenda amaigabea ez bada ere, ongi osatua da. Gaur egun honako lekuetan ospatzen dira euskararen egunak Araban: Laudio, Amurrio, Aiara, Okondo, Artzeniega,Zuiako Koadrila, Zigoitia, Zuia, Urkabustaiz, Aramaio, Legutio, Barrundia, Asparrena, Agurain, Zalduondo, Dulantzi, Argote, Gesaltza-Añana, Koartango, Ekoran eta bestetan.
Itxura guztien arabera, Zigoitia Euskaraz dugu guztietan ere zaharrena, lehenen sortutakoa…

“Arabako euskararen egunetan,
Zigoitia Euskaraz dugu zaharrena,
1988an sortua”

 

Zigoitia Euskaraz
Hogei urte baino gehiago dira Zigoitiko udalerriko herrietan euskararen aldeko egunak ospatzen hasi zirenetik. Izan ere, 1988an, Oketa Kirol Elkarteak euskararen jaia antolatzeari ekin zion Gopegin, “Zigoitia euskaraz” izenaren azpian. Jai honek, hala ere, bazuen aurrekaria, hau da, urte askoan Mairulegorretako harpean egin izan zen jaialdia.

“Zigoitia Euskarazen aurrekari da
Mairulegorretako euskal jaia”


Mairulegorretako jaia Manuel Iradier Txangolari Elkarteak eta Arabako Espeleologia Elkarteak asmatu zuten, 1963an. Euskal Jaia izena eman zioten eta Mairulegorretako zuloko Zezen plazan egin zuten. Zezen plaza izenekoak 27 metro ditu zabaleran eta 16, berriz, bobedan. Jaialdiak, diktadura garaian izaki, errebindikazio kutsu politiko nabarmena zuen. 2.000 lagun baino gehiago bildu izan ziren. Giro politiko beroa, batetik, eta leku enblematikoa, bestetik, izan ziren Mairulegorretako Euskal Jaiaren ezaugarriak luzaro.
Lehen ekitaldia 1988an
Urteak joan eta antolatzaileek jaiari egiten utzi zioten. Urte batzuetan, isilaldia, harik eta 1988an Oketa Kirol Elkartearen baitan euskararen aldeko ekintzak egiteko borondatea agertu zen arte. Zenbait euskaltzale ageri ziren proposamena egin zutenen artean... “Oketako bazkide ginen eta esan egin genuen. ‘Zergatik ez dugu euskararen aldeko zer edo zer egiten?’. Baietz esan zuten eta lanean hasi ginen lau-bost lagun… Festa txikia izan zen, Gopegiko frontoian egin genuen, eta ondo atera zen. ‘Hurrengo urtean ere egin behar dugu!’. Eta horrela egin genuen... Bigarren urtean, ‘Eta zergatik ez dugu egiten Mairulegorretan? Lekua ere berezia da…’”. Eta harpean egin da festa harrezkero. Duela hogeita bat urte egin zen lehenengo Zigoitia Euskaraz jaia. Hogei urte, berriz, harpeak jaia hartzen duenetik… Bistan denez, lekuaren berezitasuna eta aurreko tradizioa bitarte jo zuten Mairulegorretara.

“Lehenengo urteko festa txikia izan zen,
Gopegiko frontoian egin zuten”

 

Laster baztertu zuten egun bateko jaia. Bi asteburutan banatu zituzten euskararen aleko ekitaldiak. Harpeko jaia, adibidez, lehenengo asteburuarekin egiten zen. Huraxe zen ekitaldirik gorena, eta Zigoitikoak ez beste ziren nagusi, Arabako lau bazterretatik etorriak. Bigarren asteburuan zigoitiarrak eurak ziren protagonista, eurentzako zen jaia. Kirikio euskara elkartea da jaiaren antolatzaile, nahiz eta lan horretan ez diren ari eurak bakarrik. "Zigoitin hamaika lagunek baino gehiagok hartzen dute parte jaiaren antolaketan... Jendearen laguntzarik gabe ezingo genuke askorik egin… Jaiaren antolaketaz hizketan ari ginen batean, beti nola hobetu pentsatzen, laster erabaki genuen Zigoitia Euskarazen bi asteburuak alderantzira antolatzea, hau da, lehenengo aste hondarra herriak girotzeko erabiltzea, eta bigarrenean egitea Mairulegorretakoa. Horrela egiten dugunetik bertokoek parte handiagoa dute harpeko jaialdian, udalerriko jende gehiago da Mairulegorretan”.

Iraileko egunak
Gaur egun iraileko lehenengo bi asteburuak hartu ohi ditu Zigoitia Euskaraz jaiak. Lehenengo asteburuan haurrek tarte berezia dute. Haientzako Korrika antolatu ohi dute, bizikletaz, udalerriko hamazazpi herriak zeharkatzeko asmotan, hau da, Akosta, Apodaka, Berrikao, Buruaga, Eribe, Etxabarri Dibina, Etxaguen, Gopegi, Larrinoa, Letona, Maurga, Mendarozketa, Murua, Olano, Ondategi, Zaitegi eta Zestafe. Igandean, berriz, euskarazko meza, herri bazkaria, herri kirolak –aizkolariak, harri jasotzeak, sega txapelketa, artzain txakur sariketa, traktore demak…–, eta erromeria izan ohi dituzte. “Euskarazko meza, esaterako, gertakari arrunta izan liteke gaur egun, baina orduan, Zigoitia Euskarazen aitzakian egin zen hemen inguruan euskarazko lehenengo meza. Felix Placerrek esaten du meza hori, eta urtero udalerriko herri ezberdin batean egiten da”. Festak udalerriko herri guztietako jendea biltzea lortu du, askoren parte hartzea. Herritarrek, lekua atontzen dute, parkinga paratzen, hamaiketakoa eskaintzen... Herritarren parte hartzea eta inplikazioa ziurtatuak dituzte, beraz. Arestian aipatu Korrikak ere, urte batean herrien erdiak igarotzen ditu, eta bestean, berriz, gainerakoak, txandaka. Bukatu ere, herri ezberdinetan bukatzen da beti bizikleta gaineko Zigoitiko Korrika hori.
Bigarren asteburuan ohi da ekitaldirik bereziena, nola den Mairulegorretako jaia. Igandez ospatzen da harpeko festa hau, goizeko 11etan. Horrek hainbat gaizki ulertze eragin du… “Harpeko hezetasunak bozgorailu eta gainerakoak hondatuko dituen beldurrez, jaiaren egunean bertan, goizeko zortzietan eraman ohi dugu tresneria guztia Mairulegorretara. Lehenengo urtean, goizeko zortziak eta soinu ekipoa ekarri behar zuen laguna ez zela agertzen! Zortziak jota, eta inor ez! Bederatziak, eta ezta! Egin genuen jaia ahal izan genuen moduan, herri bazkaria ere bai, erromeria… Eta han non, parrandan ginela, arratsaldeko zortzietan, azaltzen den soinu ekipoaren arduraduna... Izan ere, haren buruan ez zen sartzen jaialdia goizeko –eta ez gaueko–, hamaiketan egitea! Mairulegorretako festak irabazi egiten du goizez eginez gero”.
Herritarren parte hartzea
Jendearen parte hartzea izan dute beti helburuetako bat, eta ez daude haserre. “Mezatan, jendea dago beti. Korrikan gero eta jende gehiagok hartzen du parte. Berdin erromerian ere... Ekintza guztietan sumatu dugu jende gehiago. Mairulegorretan, berdin, beti da han jendea”. Gustura daude Zigoitikoak, baina badute kezka bat... “Gaur egun, dena den, harpea erabiltzeko baimenak kezkatzen gaitu. Gorbeia ingurune naturala dela-eta, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako diputazioak ez badigute baimenik ematen, ezin izango dugu jaia Mairulegorretan egin, beste non edo non egin beharko dugu”… Lehenago ere jendearen etorrera mugatu beharrean izan dira. Ez dute publizitate kanpaina handirik egiten: “Kartelak jartzen ditugu Urkabustaiz, Koartango, Zuia, Legutio eta bestetan… Ondoko udalerrietan, alegia. Gasteizen, bertan, bizpahiru iragarki baino ez ditugu jartzen. Izan ere, ez dago tokirik. Mairulegorretan zazpi ehun lagun sartzen dira, edo gutxiago. Eta kito. Ezin besterik sartu! Hori da muga”.

“Mairulegorretan zazpi ehun lagun sartzen dira,
edo gutxiago. Eta kito. Ezin besterik sartu!”

 

Mairulegorreta barneko jaia da ikusgarriena, aipu eta sona handikoena, baina ez da ekitaldi bat eta bakarra. “Mairulegorretakoa, Zigoitia Euskarazeko ekintza bat da, baina gauza gehiago dago. Egia da harpekoa berezia dela. Goizeko 11etan egiten da, haraino joan behar da, mendian, ordubeteko bidean… Paraje ederra, jaia ondoren… Dena da berezia. Urtero, berriz, ezberdina da jaialdia. Elementu asko izaten dira Mairulegorretako jaialdian, baina hamarna minutuko tarte laburra du bakoitzak”.

Euskararen erabilera
Zigoitia Euskaraz jaiak, bestalde, motibagarri lana ere betetzen du, eta euskararen erabilerari ere laguntzen. Helburua, euskaraz hitz egitea da, euskaldunek elkar ezagutzea, euskaraz ez dakitenak zirikatzea, euskaraz ikas dezaten. Udalerriko hamazazpi herrietan 2000 lagun inguru bizi dira. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ikasketak egiten dituzte haur eta gaztetxoek Gopegin, D ereduan, eta Murgiara jo ohi dute Bigarren Hezkuntzara. %30 bat dira euskaldunak Zigoitian… “Baina Zigoitia Euskaraz egunean euskaldun asko biltzen dira, eta dakienak euskaraz egiten du. Jendeak badaki egun horretan horixe dela legea. Erdaldunek giroaren ederra azpimarratzen dute. Hainbestean, badakigu ez direla euskararen kontra ariko, ikasiko duten ez dakigu, baina kontrakorik ez dute esango, behintzat. Euskaraz dakigunok, berriz, batak bestearekin euskaraz hitz egiteko ohitura hartzen dugu”. Euskaldunak euskaldunari euskaraz, alegia.

“Zigoitia Euskaraz egunean euskaldun asko biltzen dira,
 eta dakienak euskaraz egiten du”

 

Zigoitia Euskaraz antolatzeko, berariaz sortu ohi dute batzordea. Deialdi irekia egin ohi dute urtarrilean eta hasten dira bilerak: data erabaki, Ideiak bildu, lanean hasi… Duela hamar-hamabi urtetik hona ekitaldiaren atzean beti zenbait lagun –2004. urtetik hona Kirikio euskara elkartean lanean ari direnak–, bateko akuilu lanak egiten, besteko babes ematen, honako lege baimenez arduratzen, harako hamaika eginkizun bere gain hartzen…
Herritarrek parte har dezaten formula asmatu dute, jaialdiaren egungo egiturari heltzekoak dira etorkizunean ere. Mairulegorretako festa da zalantza. Harpe ederrean ala beste nonbait entzungo dira euskararen hotsak? “Amaia Zubiria, Pantxoa eta Peio, Erramun Martikorena, Anje Duhalde, Mikel Urdangarin, Mikel Markez, Patxi Saez, Irigoien anaiak, Pantxo Bergara… horiek denek eta beste askok kantatu dute Mairulegorretan. Zeharo harritzen dira lekua ikusita. Batzuk Francoren garaian eta ostean izan dira bertan, Erramun Martikorena eta Pantxoa eta Peio, adibidez. Beste non edo non egin behar ote dugu jaia?”. Eta zer ote diote 1963an Mairulegorretako jaia antolatzeari ekin zioten Manuel Iradier taldeko Ibon Azkarraga eta enparauek, lehengo garaiak gogoan oraindik ere harpeko festara joaten direnek? Jaia Mairulegorretan egin, ez egin, Zigoitia Euskarazek, Araban egiten diren euskararen aldeko egunetan zaharrenak, aurrera egingo du era batera zein bestera…
 

Miel A. Elustondo.

Euskararen agenda

atzera Maiatza 2012 aurrera
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031   
Harpidetu zaitez
© 2009 Euskaraba, Arabako Euskararen ataria - ARABAKO FORU ALDUNDIA
Probintzia plaza z/g, 01001 Vitoria-Gasteiz - Araba T.: 945 18 18 18
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A