MIKEL LABOAREN HIZKUNTZAK
Marisol Bastidarekiko elkarrizketaren iruzkintxoa
2010-04-07

Erlea aldizkaria literatur aldizkari soila baino gehiago dela deskubritu dugu. Gure barruan bizi den literatura zalea ez da horregatik haserretu. Aitzitik, poztu egin da berak lantzen dituen alorrak besteen ekarpenak ontzeko ere balio duelako.
Horretarikoak dira hala lehen zenbakian nola bigarrenean hautatu dituzten elkarrizketatuak. Lehenengoan Mikel Laboa zenaren emazte Marisol Bastidari egin diote elkarrizketa, eta bigarren zenbakian, aldiz, Marino Lejarreta handiari.
Jarraian Marisol Bastidari egindako elkarrizketaren pasartetxo bat ekarri dizuegu, ikaragarri ona iruditu zaigulako, non azaltzen den Mikel Laboa artista paregabeak nola ulertzen zituen hizkuntzak.
(...) Mikelek interes izugarria izan du hizkuntzaren musikan. Berak batzuetan esaten zuen brometan: hain txarra izan naiz hizkuntzak ikasteko, agian horregatik gelditzen nintzen musikarekin. Berak gero kantatu du en serio italieraz, portugesez, katalanez ere bai. 1966an egin zuen kanta eder bat katalanez,edo sartu du alemana batzuetan... Hizkuntza asko. Gero, azken diskoetan, ukraniera eta ez dakit zer...
Beste anekdota bat kontatuko dizut. Londresen izan zen, 1962ko uztailean. Bera niri bisita bat egitera etorri zen Londresera, hamar egun edo bi aste pasatzera. Nik oso ingeles gutxi nekien eta berak gutxiago. Tokiak ikustera joaten ginen. Esate baterako, Londresko Dorrea ikustera, eta esaten zidan: galdetu eta esan mesedez esplikatzeko detaile askorekin dena, istorio osoa, eskatu, mesedez. Nik galdetzen nion: zertarako, ordea, ezer ulertzen ez dugula? Baina horrela egiten genuen. Berak arreta izugarriarekin entzuten zuen, eta keinuak... Berak beti esaten zuen hizkuntza desberdinek, baita dialekto desberdinek hizkuntza baten barruan ere, musika daukatela desberdina, eta keinuak ere desberdinak. Asko maite zuen mundu hori, izugarri. Ordu hartan nik pentsatzen nuen erotuta zegoela, benetan. Pentsatzen nuen: gizon hau zer arraroa den!