Larreako eskuizkribu berria
Larreako biztanleek euskararekiko konpromiso adieraziko dute maiatzaren 8an
2010-05-05
Ia 400 urte eta gero, Joan Perez Lazarraga arabar poeta bizi izan zen “El Bolo” deritzon etxearen ondoan, Lazarraga Dorretxearen ondoan, alegia, jendaurreko ekitaldia egingo diote Larreako herrikideek datorren maiatzaren 8an, larunbatean, eguerdiko 12:00etan, euskararekiko konpromisoa berresteko.
Ekitaldian Lazarragaren gaineko hitzaldiñoren baten ondoren beraren omenezko estela eta panel informatiboa ikusaraziko dira, eta Larreatarren konpromisoa estelaren babespean gordeko da.
Dasta dezagun aurkikuntzaren ederra. 2004 urtea zen, Borja Aginagalde, artean Eusko Jaularitzaren Dokumentu Ondarearen arduraduna eta Historiako Erret Akademiako kideari zor diogu, gaur egun Bibat museoan ikusgai dagoen eskuizkribua, paperontzi galduren batean amaitu ez izana. Honela kontatzen zuen erabili.com web gunean:
"Eskuizkribu hau aspaldidanik ezagutzen dudan antzinako liburuen saltzaile baten esku zegoen, garrantzi gabeko zenbait agiriren artean. Frantzian esan ohi den bezala, “brocanteur" esparru batean eskuratutako lote anonimo bateko zati zen. Ez da historia bikain edo esanguratsua osagarri duen eskuizkribu baten istorioa. Bistan denez, hala izan balitz, dagoeneko aski ezaguna zatekeen. Mintzagai dugun eskuizkribua galdu ere egin zitekeen berriz, baina, oraingoan, ez da hala izan.Hizketan ari zaizuen erudituak —horrela deitzea zilegi bada— ez du inoiz ahaztuko eskuizkribu hau aztertzerakoan sentitu zuen zirrara. Ziurrenik bizitzan behin bakarrik aurki gaitezke horrelako egoera batean."
Pamiela argitaletxeak 2005ean argitaratu zuen Pruden Gartziaren Lazarraga, Errenazimendua euskaraz izeneko saiakera liburua dugu Lazarraga eta bere garaiaz hornitzeko iturrietako bat. Aurkikuntzatik urte bete eskasera, Prudenek Lazarraga hura Errenazimenduaren joko-zelaian kokatu zigun intuizio handiz eta dokumentazio eta pista ugarirekin areagotu egin zigun arabar idazleaz eta bere garaiaz genuen jakin mina (Cervantes, zaldunak eta dontzeilak…).
Aurkikuntzaren gainean Prudenek hauxe dio: "Zenbat eskuizkribu eta testigantza ez ote zaizkigun galdu. Zenbat ez ote dira lo egongo euskaldun handikiek Madrilen edo Parisen zeuzkaten jauregietan. Eta horra ustekabea. Madrileko traperu baten etxean XVI. Mendeko arabar baten eskutik idatzitako eskuizkribu bat aurkitzen da, Errenazimentu kutsu itzela duten literatur lanez hornitua. Hori da garrantzitsua: egile arabarra, XVI. mendea, euskaraz eta, ororen buru, literatura errenazentista. (20. orr)"
Borja Aginagaldek zioen “testu honek XVI. mendeko gizartearen inguruan dugun ikuspegia aldaraziko duela. Gainera, historia sozial eta kulturaleko hipotesi asko argitzen eta baieztatzen ditu.”
Prudenek dioenez euskararena nagusiki gizarte-arazoa da, politikoa baino gehiago. Hortik, euskararen historia bi modutara egin izana: “batzuk euskara jakintzaren maila guztietan lantzeko ahalegin borondatetsua erakutsi dute; besteek euskara bere egoera naturalean atxikitzeko asmoa besterik ez.” (41. orr.)
Prudenek gaineratzen du: “Euskara ez baita naturalki baserritar ez jakinen eta apaiz retrograduen hizkuntza, ez lehen, ez orain eta, espero dezagun, ez gero. “ (50. orr)
Gaur, ia 400 urte eta gero, Larreatarrek euskararen tokiko historia soziala interpretatu eta konpromisoaren bidez bidea eman diote.