Harremanetarako | Nor gara

Aņana

Albisteak

Aramaiok eraman du Arabako Kuadrilla arteko txapela

Bertso jarrien txapelketan Martin Ttipia nagusitu da

2010-05-10

Hona hemen Arabako Bertsozale Elkartetik Maiteder Sasietak Kuadrilla arteko txapelketaren finalaren inguruan idatzitako kronika.

Gaur, maiatzaren 8an, Gasteizko Landatxo pilotalekuak Arabako bertsolaritzaren festa handietako bat jaso du: Kuadrilla arteko txapelketaren finala. Agurretan entzun ahal izan den moduan, Arabako BEC bihurtu da Landatxo pilotalekua. Kalejira, herri bazkari eta dantzaldi baten ondoren igo dira bapateko saioan lehiatu beharreko bi taldeak, nor baino nor euren herria defendatzen: Kakiturri-Ehari Gasteiztik eta Aramaioko taldea. Gasteiztik Rikardo Gonzalez de Durana, Gaizka Urtaran, Juan Mari Juaristi, Asier Otamendi eta Felipe Zelaieta. Aramaiotik Andere Arriolabengoa, Manex Agirre, Xabi Igoa eta Iker Agirre.

Giroa ezin beroago zegoen saioa hasterako. Saioaren aurretik herri bazkaria ospatu da Landatxo pilotalekuan. Ehunka lagun elkartu dira bertan bertsolariei euren animoak eman eta giroa alaitzera. Bertsoei ekin aurretik txapelketa guztian zehar entzun ahal izan dugun sintonia entzun ahal izan dugu zuzenean, lautadako talde batek eginikoa.

Bapateko saioan hau izan da bertsolariek egin beharreko lana Idoia Beitia gai emailearen esanetan: Taldeko batek beste taldeko batekin ofizioka zortziko nagusian hiruna bertso, taldeko batek beste taldeko batekin ofizioka zortziko txikian hiruna bertso, taldeko batek beste taldeko batekin ofizioka zortziko txikian hiruna bertso, taldeko batek beste taldeko batekin ofizioka seiko motzean hiruna bertso, hiruna punturi erantzun zortziko txikian, gaia emanda bi k hiruna kopla, talde bakoitzak (taldekide guztiek kantatu) segidillan 4 minutu gartzelako lan moduan.

Baina txapelketa honetan ohikoa bihurtu den moduan, saioari ezin hasiera eman bapatekoarekin paraleloan jokatu den bertso jarrien txapelketako finalistak entzun aurretik. Hiru talde izan dira lehian: Aramaioko taldea, Martin Ttipia eta Aldapazaleak, azken bi hauek Gasteiztik. Araba gaitzat harturik bertso sorta ederrak entzun ahal izan dira. Musikaz lagundurik ederki berotu dute eguraldiak hoztutako giroa eta bor-bor utzi dute bapateko saioa hasterako.

Lan bikaina egin dute bertso sorten txapelketan parte hartu duten arabar guztiek. Eta gaurkoen ere ez dute hutsik egin. Antzerkia, erreibindikazioa, dantza… denetarik ikusi ahal izan da bertan. Baina txapeldun bakarra aukeratu behar, eta aurtengo txapelketa Martin Ttipia taldeak irabazi duela erabaki da.

Bapateko saioari ekin diote bertsolariek ondoren. Ofizioko saioak nahiko makal joan dira. Egon da ale on bat edo beste, baina bertsolariek ez dute behar bezala elkar hartzen jakin eta saioak flojo xamarrak atera dira. Bakarkako saioetan hasi gara bertso dotoreak entzuten. Asier Otamendi beteranoak ederki erantzun die Beitia gai emaileak jarririko puntuei. Gaztetxearen inguruko hiru puntuei erantzutean bertso politak entzun ahal izan ditugu. Horren ondoren honakoa bota dio Beitiak: zure alaba argazkiz bakarrik ezagutzen duzu. Alaba jaio berria duen preso baten azalean sartu da bertsolaria, eta ederki asmatu du bere papera aurrera eramaten. Manexi ordea honako hau bota dio bakarkako lanerako: gaurko egunean urtero bezala loreak eraman dizkiozu. Txalo zaparrada ederrak jaso ditu aramaioarrak minbiziz hildako neskalagunari botatako bertsoak bota ondoren. Gartzelako lana berezia izan da. Segidillan abestu behar izan duten bertsolariek eta giroa bero-bero jarri dute txaloka animatu dituztelarik entzuleek bertsolariak. Aramaioarrak gustura aritu dira, gasteiztarrak baino hobeto sartu dira gaian eta entzulegoa bereganatzen ere hobeto jakin dute. Gasteizko Alde Zaharrean pasian dabiltzan jubilatuen paperean sartu behar izan dira, eta bapatean Landatxo pilotalekuko festa handia aurkitu dutenak. Paperean bikain sartu eta arratsaldeko saiorik politenetako bat osatu ahal izan dute.

Saio puntuagarriarekin amaitu ostean sari banaketari ekin diote. Bertso sorta kolektiboen lehenengo txapelketa Martin Ttipia taldeak irabazi du. Bapateko txapela berriz aramaioarrentzat izan da, zaleen txalo zaparrada, txistu eta oihuen artean jaso dutena. Arabako zortzigarren kuadrillaren izenean bi Trebiñutarrek jarri diete merezitako txapela.

Honenbestez gaur eman zaio amaiera 2010eko Kuadrilla arteko Bertsolari Txapelketari. Datorren urtean gehiago eta hobeto (ahal bada).

Facebook Twitter

erantzunak

   

Utzi zure erantzuna:

* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
Idatzi ezazu segurtasun kodea    
segurtasun kodea  
       

Euskararen agenda

atzera Otsaila 2012 aurrera
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
272829    
Harpidetu zaitez

Ba al zenekien?

Euskara Araban

Apunte batzuk..

© 2009 Euskaraba, Arabako Euskararen ataria - ARABAKO FORU ALDUNDIA
Probintzia plaza z/g, 01001 Vitoria-Gasteiz - Araba T.: 945 18 18 18
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A