Laudion, euskararen erabilera erreala bikoiztu egin da
2.408 lagunek egindako 981 elkarrizketa
2011-12-09

LAUDION, EUSKARAREN ERABILERA ERREALAK BIKOIZTU BAINO GEHIAGO EGIN DU AZKENEKO HAMAR URTEETAN: % 3,69 (2001) > % 7,5-8 (2011).
Lagin handia denez (2.408 lagunek egindako 981 elkarrizketa) okerrerako aukera oso-oso txikia da. Eta ikerketaren ardura izan duten SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERreko kideek adierazi digutenaren arabera, behin-betiko datua hurbilago egongo da %8tik %7,5etik baino.
Hamar urte hauek dira, bestetik, udalean Euskara Arloa dagoen tartea. Beraz udalean pozarren hartu den berri hau zuekin guztiekin partekatu nahi dugu, Euskararen Nazioarteko Egunaren osteko egunetan hauetan. ZORIONAK GUZTIOI.
EUSKARAREN EGIAZKO ERABILERAREN NEURKETA egin berri da Laudion jakiteko zein den ahozko euskararen egiazko erabilera.
Ikerketa hori metodologia estandarizatu baten bitartez egingo da eta Euskal Herriko Kaleetako Hizkuntza-Erabileraren VI. Neurketa programa osoaren barnean kokatuko da.
Neurketaz gain, lortutako datuen balorazio kuantitatibo-kualitatiboa emango da eta horren zabalkundea egiteko berariazko saioak antolatuko dira baita ere.
Lana, bere osotasunean, 2011 eta 2012 urteetan garatuko da eta urte bakoitzean egin beharrekoa eta hari dagokion gastua beherago dago jasota, xehetasun osoz.
Ikerketa lanaren zerbitzua Soziolinguistika Klusterra Elkartea erakundearen esku geratuko da, berori baita honelako lanetan eskarmentu gehien duen elkarte/enpresa delako. Erakunde honek eta metodologia bera erabiliz, egin zuen duela hamar urteko (2001ean) Laudioko euskararen erabileraren neurketa.
2011 urteari dagokionez, kaleko erabileraren neurketa egingo da lau eguneko 22 orduz, neurketa amaitu bitartean ezagutzera eman gabe gordetzen den adostutako egutegi, ordutegi eta ibilbide zehatzetan. Erreferentzia gisako datua: 2011n herriko kaleetako 1.546 elkarrizketa sailkatu eta baloratu zen.
Neurtutako datuekin eta 2012 urtean Laudioko kopuru, balorazio eta diagramak bilduko dituen dokumentu bat gauzatuko da. Horiek guztiak Euskal Herri osoko datuak bilduko dituen dokumentu zabalago batean txertatuko dira.