Amurrio

Amurrion, Euskaraz Bai, Euskaraz Blai
Arabako beste hamaika herritan bezala, Amurrion ere ez dira bart arratsean hasiak euskararen aldeko ekitaldiak antolatzen. Iñaki Ibarluzea, AEKko irakaslea Amurrion, udaleko zinegotzi izan zen 1983tik 1987ra eta bera dugu solaskide. “Garai hartan hasi ginen euskararen aldeko ekitaldiak antolatzen. Gure lehen erronka izan zen euskara udaletxean sartzea, nola edo hala. Gogoan dut udal batzordeak sortu zirenean neu nintzela euskaraz zekien bakarra. Nik parte hartzen nuen batzordean ere, euskaraz egiten nuen lehenengo, eta gaztelaniaz itzultzen nuen ondoren. Laster konturatu ginen hura eramanezina zela. Taktika aldatu beharra zegoen. Hala ere, udalaren batzar agirietan euskararen presentzia ziurtatu genuen, behintzat”. Euskara batzordea ere sortu zen orduan Amurrion, herritarrei irekia. Bertan parte hartu nahi izanez gero, ateak zabalik zituzten herriko taldeek. Gaurdaino iraun du izaera ireki horrek. “Dela AEK-k, dela Euskaltegi Batzokiak, kultur taldeek, ikastetxeek… parte hartu izan dute euskara batzordean. Eta horrela da gaur egun ere”.
Garai berean –1986an, hain zuzen ere –, euskararen udal ordenantza onartu zuen udalak. Itzultzaile lanak beteko zituen euskara teknikaria ere izendatu zuen: Iñaki Uribarren. Ondoren, Kontxesi Elejaldek bete zuen lan hori eta, 2002tik hona Beñat Mendiguren da lan horretan.
Urtean zehar, “Euskaraz Blai”
1999ko maiatzean euskararen astea antolatu zuen, lehenbizikoz, Amurrioko udalak. Euskararen astea ospatzeak eztabaida eragin zuen udalbatzako kideen artean. Kultura batzordeari ala Euskararenari zegokion antolatzea? Beste eztabaidagai bat: euskararen aste indartsua egin behar zen, eta urtean zehar kito, ala euskararen egunaren inguruan aste apalagoa antolatu behar zen baina urtean zehar euskararen presentzia ziurtatu Amurrioko herrian?... Eztabaidak irauten badu ere, gaur egun, urtean zehar era askotako ekitaldiak egin ohi dituzte Amurrion, euskarak herriko kalean presentzia iraunkorra izan dezan lortze aldera. 2002tik hona, Beñat Mendiguren euskara teknikari denetik, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera ospatu ohi da euskararen astea herrian. Bestalde, eta euskara plazara ateratzeko asmotan, 2003an, esaterako ‘Euskal Ostegunak’ programa abiarazi zuten Amurrion. 2004tik hona, berriz, ‘Euskaraz Blai’ dugu egitasmoa, urtean zehar euskararen presentzia herrian ziurtatzeko asmoa duena. Euskara Arloak 12.000 euroko aurrekontua izan zuen hasieran, eta 20.000koa du orain eta, ondorioz, hilero-hilero euskarazko ekintzaren bat eratzen da Euskaraz Blai programazioaren barruan. “Euskaraz Blai-ren bitartez, banatu eta iraunarazi egiten da euskarazko programazioa herrian. Dena den, urtean zehar egiten den Euskaraz Blai egitasmoaz gain, ‘Euskaraz Bai Egunak’ –bost eguneko egitaraua, alegia–, ospatzen dugu Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan, hau da, ekitaldi sendoago bat: haurrentzako ekitaldiak ez ezik, helduei begirakoak ere izan ohi dira tartean”.
Maiatza-Ekainean, “Euskaraz Bai”
Urte osoko egitasmoaren barruan bertan, Euskaraz Bai eguna antolatu zuten Amurrion 2009ko ekainaren 27an. Inguruko herrietan, Urduñan, maiatza-ekainean egiten da euskararen jaia; Laudion, irailean. Mendigurenek eta Ibarluzeak diotenez, euskara kalera ateratzekotan, hobe eguraldia lagun izanda jardutea.
“Egunaren helburu da euskara plazara atera eta gure hizkuntzaren erabilerari hauspo ematea”. Horretarako, distira handiko egitaraua baztertu eta ekitaldi xumeagoetara jo ohi dute. “Jendearen parte hartze aktiboa bultzatu nahi dugu. Euskararen erabilera areagotzea dugu helburu eta, horretarako, interakzioa dugu bidea: antolatzen ditugun ekintza eta ekitaldien artean dira, adibidez, mus txapelketak, ardo dastatzea, herri bazkaria… eta, beti, euskaraz. Euskaraz bizitzeko eguna antolatu nahi dugunez, jarrera pasiboak saihestu beharra dago. Egitarauan izen arranditsurik ezarri ordez, jendeak hitza hartzea lehenetsi dugu. Duela bi urte konturatu ginen horixe zela bide egokia, BEC-eko Bai euskarari jaialdia egin zenean, alegia. Ordurako, distira handiko jaialdi bat antolatzea ez zen aski, besterik behar zen. Eta horretan gara. Herri bazkariak, esaterako, kostu sinbolikoa du: 3 euro besterik ez da ordaindu behar, eta 2008ko azaroan ospatu genuen kantu afariak, adibidez, euro bateko prezioa zuen. Badiogu, euskaldunak, euskaltzaleak eta euskararekin bat egiten duen jendea batzea da gure asmoa, gure hizkuntza erabil zezan”.
Gaur egun, udalak euskarazko ekitaldiak antolatzen dituelarik, herritarren parte hartzea eta elkarlana erakutsi nahi izaten ditu. Esaterako, antolatzaile zerrendan ageri dira, udalarekin batera, futbol taldea, bertso eskola, abesbatza, jai koadrilak, Uhinak irratia, Zanpantzar taldea, Trikitixa…
Ezagutza handia bezain txikia erabilera
Udalak baliatzen dituen datuen arabera, 10.060 lagun dira Amurrion: 8.300 herrian bertan eta gainerakoa inguruko bederatzi herrietan. Udalerrian Eustaten 2006ko datuen arabera, berriz, euskaldunen ehunekoa %38,57koa da. Matrikulazio kopuruei begiratuz gero, 25 urtetik beherakoetan, %100ek B edo D ereduan ikasi du. Herrian D eredua da nagusi, eta B eredua darabilten ikastetxeei dagokionez, B eredu indartsua dute. Alegia, eredu batean zein bestean, ikasleek euskaraz ikasten dute. Besterik da erabilerari dagokionean. “Inkestek esaten dutenez, %3k darabil euskara. Hortaz, hutsala da erabilera, kaxkarra. Eta hor dago koska. Jendearen jarrera ona da, baina besterik da konpromisoak hartzea. Bai Euskarari kanpaina egin zenean, adibidez, berrogeita hamar bat eragile bildu genituen, bateko denda, besteko taberna, honako talde, harako ikastetxe… Euskal Herrian ez da izango, proportzioan, beste herri bat hainbeste eragile dituenik”.
Ageriko denez, erabilera da erronka. Eta dio Beñat Mendigurenek: “Euskaldunak gehi erdi euskaldunak, %50 dira Amurrion gaur egun. Hemendik hamabost urtera, berriz, biztanleriaren erdia baino gehiago izango da euskalduna, hau da, ustez eta teorian, euskaraz aritzeko gaitasuna izango dute amurriotarrek. Baina hori ez da nahikoa. Izan ere, 16-18 urte arte, neska-mutil gazteek badute, ikastetxearen bidez, euskararekiko harremana, edo ukipena. Bost urte geroago unibertsitate mailako ikasketak bukatuko dituzte edota lanean hasiko dira… eta euskaraz hitz egiteko zein gaitasun izango dute? Oraintxe, 30 urteko bizilagunei euskara mailaren neurketa egingo balitzaie, emaitza eskasa izango genuke. Arestian aipatu dugun %50 hori ez litzateke bermatuko. Izan ere, lanean erabili ezik, galdu egin ohi dute eskolan ikasitako euskara”. Eta dio Iñaki Ibarluzeak: “Eta, hain zuzen, jende horixe da euskaltegira doana gero”, .
Euskara Araban
Euskalduntzea
Baliabideak
Esteka interesgarriak