Noski, Gasteizko Eskola Publikoko Euskararen Astearen maskota da. Pertsonaia 2000. urtean antolatutako marrazki txapelketa batetik aukeratu zen eta Araban euskara bultzatu eta erabilera sustatu nahi dituen super-heroia da. Umeek oso maite dute Noski.
Hala ere, hainbat ume eta gaztetxorentzat euskara ikasgai bat baino ez da. Eta hizkuntza menperatzen badute ere, ez dute gizarte mailako harremanetarako erabiltzen, kasu askotan gurasoek ez dakitelako. Modu honetan euskara eskolako esparrura murrizturik gelditzen da. Egoera honen aurrean ikastetxeetako familiek koordinaturik hainbat ekintza proposatzen dute euskarentzat erabilera espazio berriak sortu eta hizkuntzaren normalkuntza bultzatzeko.
Honen haritik Denon Eskolako Euskara Batzordeak eskolaz kanpoko esparruan, familian eta aisialdian burutzeko proposamenak egiten ditu. Hauen artean azpimarratzekoa da urtero ikastetxe publikoetan egiten den Euskararen Astea-Denon Astea.
Denon Eskolako Euskara Batzordeak, Berritzeguneko Normalkuntza Batzordearekin batera, Gasteizko eskola publikoetan Euskararen Astea antolatzen eta koordinatzen du. Helburu nagusia euskara ikastetxeetatik atera eta euskaraz bizitzeko esparru berriak sortzea da; halaber, gure kultura ezagutu eta sustatzeko hainbat ekintza antolatu. Astea ikasturtero antolatzen da eta gai baten inguruan jarduera batzuk prestatzen dira. Euskararen Astea lehenbiziko aldiz 1997/1998 ikasturtean ospatu zen eta landu zen gaia euskal mitologia izan zen. Urte hauetan Euskararen Astean landutako gaiak ondorengo hauek izan dira: euskal mitologia, herri kirolak, Euskal Herriko jaiak, euskal inauterietako pertsonaiak, Arabako eskualdeak eta Euskal Herriko mendiak.
Ikasturtero prestatzen diren materialen artean eta landutako gaiaren inguruan, ipuina eta komikia argitaratzen dira. Orain arte argitaratutako batzuk hauexek dira: Zirikaren Ndéye jaietan, Katixa Agirreren Lide eta Noskiren betaurreko magikoak, Iñaki Carreteroren Hara…ba…, Manu Lópezen Iñaut igandean, Patxi Zubizarretaren Estibalizen burutazio txoroa, Txabi Arnalen Lapikora? Bai zera!!, etab.
Erakusketak, antzezlanak, jolasak, jaialdiak, etab. Euskararen Astearen beste osagai batzuk dira.