Ba al zenekien?

Korrika

Korrika

Korrika, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) Euskal Herri osoan zehar bi urtean behin egiten duen euskararen aldeko lasterketa erraldoia, birritan hasi da Gasteizen eta beste birritan bukatu. Kilometroz kilometro, korrikaren ikurra  pasatzen da, eskuz eskuz pasatzen den lekukoa.
Korrika 7, 1991eko martxoan, Gasteiztik abiatu zen Baionan bukatzeko, «Korrika euskara, euskaraz Euskal Herria» lelopean. Abel Enbeita bertsolariak hartu zuen lekukoa lehen kilometroan. Hamar urte beranduago, 2001eko martxoan, Arabako hiriburua izan zen berriro abiapuntua, Korrika 12rako kasu honetan. Euskaldunon hizkuntza zabaltzeko eta gizarteko arlo guztietan erabilia izateko beharrezko diren bitartekoak jartzea guztion ahalegina beharrezkoa dela gogoarazi zigun Korrikak bere leloarekin: «Mundu bat euskarara bildu».
Korrikaren helmuga Gasteizen izan zen lehen aldia 9. edizioa izan zen. 1995eko martxoan, Andra Mari Zuriaren plaza lepo zegoen «Jalgi hadi euskaraz» ozen oihukatzeko. Geroztik Araban bukatu da  Korrika 16 ere 2009ko apirilaren hasieran, hain zuzen. «Ongi etorri, euskaraz bizi nahi dugunon herrira!» leloarekin Andra Mari Zuriaren plaza “txiki” gelditu zen euskaldunen abegi onari esker. Korrika 16ko abestia gainera Betagarri talde arabarrak prestatu zuen.
Urte horietan eta hainbeste edizio pasa ondoren xelebrekeri pila daude kontatzeko. Esaterako Pipaonen, herriko plazan ezkontza ospatzen ari ziren ezkonberriek lekukoa hartu zuten bere kilometroa egiteko Korrika 4an.
Gasteizen amaitu zen Korrika 9k izan zituen unerik bitxienetako bat, ez zen hiriko kaleetan bizi, Araba Aretoan baizik. Bertan, Baskonia taldea Barcelonaren aurka jokatzen ari zen partiduaren atsedenaldian lekukoaren kopia bat aritu zen korrika kantxari bueltak emanez, saskibaloi zaleen txalo artean. Bitxikeria hau ohiko bihurtzearen alde pausoak eman ziren Korrika 10ean, Baskonia eta Forum saskibaloi taldeen arteko norgehiagokaren atsedenaldian Araba pabilioiko kantxan ere Korrika egin baitzuten.
Korrika 10k euskararen aldeko langile ezezagunari egin zion gorazarre. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako euskaltzale langileek ordezkari bana izan zuten. Arabatik Arantxa Oiharbide aritu zen. Aguraingo ikastola eta gau-eskolako sortzaileetariko bat, urte pila eman ditu Agurainen euskalduntze lanetan murgildurik.

Korrika
 

© 2009 Euskaraba, Arabako Euskararen ataria - ARABAKO FORU ALDUNDIA
Probintzia plaza z/g, 01001 Vitoria-Gasteiz - Araba T.: 945 18 18 18
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A