Ba al zenekien?

Erromaniko erotikoa

Erromaniko erotikoa

Arte erromonikoa Erdi Aroko X. eta XIII. mendeen artean garatu zen Europako mendebaldean. Euskal Herrian ere aztarna ugari laga zuen, batez ere Araba eta Nafarroan. Eliza eta monasterio zahar haietan ale bitxi preziatuak aurki ditzakegu, arretaz erreparatuz gero. Horietan, erromaniko erotiko bihurtzen da.

Armentiako San Prudentzio basilikak (Gasteiz, Araba) zer edozer baldin badauka hori bere kapiteletako ikonografia erromanikoaren ederra da. Eta euretarik bi gai erotikoetan murgiltzen dira. Biak ala biak iparreko leihateko kapitel banatan daude.

Lehenengoa, harrigarria eta zantarra da. Emakume batek, biluzik, ipurdia erakusten du. Beste bat alu ikaragarri handi baten atzean ostenduta topatuko dugu. Alua beste birritan errepikatu zuten kapitelaren barrualdean, azken bi horiek hortz formekin apainduta.

Aurrez aurre, beste kapitel bat eta bere baitan gizona emakume biren artean. Andreetako baten eskua sabelaren gainean datza (eskuinean); besteak agirian uzten du haurdun dagoela. Adituen ustetan, adulterioa irudikatzeko modua zen.

Edozelan be, gure aholkua da ez erreparatzeko irudi bitxi horiei bakarrik. Azken finean, anekdota hutsa dira. Hobe da Gasteiz ondoko eliza eder horretako kapitelak banan-banan ikuskatzea eta deskribatzea. Gozatu ederra hartuko duzue!

San Julian eta Santa Basilisa ermita prerromanikoa Aistran dago (Zalduondo, Araba). Aspaldian hustuta egonagatik, Aistra Goi Erdi Aroko herririk zaharrena ei da Penintsulako iparraldean. Elizatxoak zurtuta utziko gaitu bertako harburu batean gizon bat hankak irekita eta sexu-organoak agerian dituela ikustean. Adituen ustetan ermita txiki hori Arabako –eta bidez batez Euskal Herriko- arte erromanikoaren emaitzarik zaharrenetakoa da. Nabe bakarrekoa da eta abside angeluzuzena dauka. Kanpora begira bao eder bat gorde du, gezi-leihoaren formakoa. Gainerako harburuetan ere, zizelkaturik, pertsonen zein animalien buruak aurkituko ditugu.

Tuestako Jasokunde eliza (Araba) harrigarria eta bakarra da, Arabako bazterretan enkailatutako altxor erromaniko hutsa. Atari itzela dauka, eskulturaz lepo beteta; arkupearen ezkerraldean kapitel bat topatu behar dugu. Irudi horretan besarkada eder bat ikusiko dugu eta, ongi erreparatuz gero. Gizonaren eskua emakumearen gonaren barruan galtzen dela irudituko zaigu.

Bellojingo San Kornelio eta San Zipriano eliza erromanikoak (Araba) ere badauka zer erakutsia. Izan ere, harburuetako batean pertsonaia onanista izan daitekeena irudikatzen du. Elizari, bere txikian, edertasuna dario eta ez zaio falta bestelako pertsonaia groteskorik.

Santa María de Tobera (Araba) herri hustua da; baina bertako ermita Arabako landa giroko erromanikoaren alerik onenetakotzat jotzen dute adituek. Nabarmentzeko modukoak dira baselizako harburuak, zinez adierazgarriak. Euretarik bitan gai erotikoa landu zuten harginek. Baten, emakumeak eta gizonak larrua jotzen dihardute. Buruak ebakita dauzkate. Bestean, gizon bat zakila agerian zizelkatu zuten.

Harburuak ez dira horretan agortzen. Berbarako, irudi batean suge edo katu buru eder batetik pertsona hanka bat ateratzen da.

Gaur ermita hori galduta dago , behea jota. Berdin antzinako herrixka eta gaztelua, inoiz Nafarroako mugak defendatu zituena. Erromanikoaren garaietara egindako dei hutsa dira egun.

Mikel Tellagorri. NORA aldizkarian argitaratua (21. zenbakia. 2009ko urria.)

 

© 2009 Euskaraba, Arabako Euskararen ataria - ARABAKO FORU ALDUNDIA
Probintzia plaza z/g, 01001 Vitoria-Gasteiz - Araba T.: 945 18 18 18
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A