XVII. mendean, probintziak agindu zuen ez zedila Batzar Nagusietara bidal “erderaz eta irakurtzen eta idazten” ez zekienik.
Gure egunetara iritsi den argitaratutako euskal kristau ikasbidea zaharrena Juan Pérez de Betolatzak eginikoa da, 1596an.
1841ean, Aguraingo udalak interprete kargua ere bazuen, erdaraz ez zekitenen arazoak konpontzeko.
Laudion, Urrunagan eta beste herri batzuetan protestak izan ziren, euskaraz ez zekiten apaizak bidaltzen zirelako.
Abdón González de Alaizak, Musitun sortuak eta bere herrian 1926an hil zenak, euskarazko lehen komikia egin zuen.
Euskarazko artikuluak eta olerkiak arruntak ziren orduz gero Gasteizko agerkarietan. Fermin Herrán gesaltzarrak argitaratu zituen Revista bibliográfica (1867-1869) eta Revista de las Provincias Euskaras (1878-1889) aldizkarietan, adibidez. Herranek berak idatzi zuen artikulu bat 1879an euskarari buruz eta euskararen alde, bere nahia argiro adieraziz, hizkuntza “ondoko belaunaldietara osorik eta ustelezina iragan ahal izan dadin”…
Legutianoko Serafín Ascasubi (1864-1940) apaizak Cervantesen Quijotearen kapitulu baten itzulpena egin zuen. Herri berekoa zen José Palacio de Viterik liburu osoa itzuli zuen euskarara.
Zigorren artean toki berezia zuen eskolako eraztuna deitzen denak. Eskuz esku (edo hatzez hatz) pasatzen zen, eskolan euskaraz hitz egiten zutenen artean. Astea Bukatutakoan eraztuna zuena kupidagabeki zigortzen zen. Hola adierazten du Pablo de Mendibil Dulantziko idazle eta itzultzaileak (1788-1832).
Iturria: Henrike Knörr