Legaireko (Opakua) zelaietan egin zen Bai Euskarari kanpainako azken ekitaldian 15.000 lagun baino gehiago bildu ziren 1978ko irailaren 3an. Jaialdi bikaina euskararen alderako izenekoan hainbat kantari, dantza talde, musikari, bertsolari eta herri-kirolarik parte hartu zuten. Hiru eszenatorkitan joan ziren txanda hartzen ekitaldiak burutzeko. Euretariko batean Gasteiz, Donostia, Billabona eta Eltziegoko dantza-taldeak izan ziren. Txistu, txirula, alboka, txalaparta eta trikitixa emanaldiak antolatu ziren. Garmendia, Etxeberria, Igarzabal eta Lazkano bertsolariak ere izan ziren. Beste eszenatoki batean Gorka Knörr, Hibai Rekondo, Pantxoa eta Peio eta Lourdes Iriondo kantatu zuten. Hau izan zen, hain zuzen ere, Lourdes Iriondo taula gainean kantatu zuen azken aldia. Hirugarren eszenatoki batean antzerkia emanaldiak izan ziren, herri kirol ikuskizunak ematen ari ziren lekutik gertu. Sokatira lehiaketak itzelezko ikusmira eragin zuen, Mutriku, Orozko, Etxarri-Aranaz eta Arabako selekzio batek hartu zuten parte. Euskaltzaindiaren izenean, Enrike Knörr eta Joxe Maria Satrustegik bertaratutako guztiei beren esker ona agertu zieten eta azpimarratu zuten “gure hizkuntza ez dela hilabete batzuetako kontua, bizi guztirakoa baizik”.
Bai Euskarari taldeak Euskaltzaindiarentzat eta euskararentzat oro har gizarte laguntza eta ekonomikoa lortzeko ekitaldiak antolatzea izan zuen xede. Egin ziren ekitaldien arteak San Mameseko futbol zelaian antolaturikoa ( jendez lepo burutu zena) izan da euskaltzaleek gogoetan egokien iraun duena.
Hogei urte geroago Kontseiluak antolatua euskararen aldeko indargune kulturalak batzearren eta euskararen normalkuntzan jauzi kualitatiboa lortzearren burutu zen Bai Euskarari! izeneko kanpaina berria. 1998ko abenduaren 26an aldi berean euskal hiriburuetako estadioetan antolatu zen kanpainaren azken ospakizunak 120.000 pertsonatik gora biltzea lortu zuen. Gasteizen Mendizorrotza gorainoko bete zen, eguraldi garairako ezin hobeak lagunduta. Betagarri musika taldeak eta Gorka Knörrek kantatutako Trebiñu abestia hunkigarria izan zen. Milaka suziri isiotu ziren Xabier Mendigurenek pregoia irakurri zuenean eta bere mezuari baiezko ozena emateko.
Kontseilua sortu zela 10. urteurrena ospatzeko Euskaraz bai! lelopean kanpainak, berriz, Barakaldoko BEC aretoan eman zuen azken pausua. Kanpaina honen barruan, Amurrion euskaltzalek “ni ere banoa” lelopean bildu ziren afari batean. Gasteizen, berriz, Mendizorrotzan egin zen jaialdia kanpainaren lelopeko lekuko izan zen eta Kultur Etxeak Kontseiluko 10 urteko ibilbidearen berri ematen zuen erakusketa hartu zuen.