Arabako Bertsozale Elkartea 1993an sortu bazen ere Arabako Bertsolaritzaren historia garaikidea 1984an hasi zen, Gasteizko eta Aiarako Bertso Eskolak sortu eta berehala. 1984. urtean Arabako Lehendabiziko bertsolari Txapelketa antolatu zen. Orduan hasi eta 2002ra bitartean Arabako Bertsolari Txapelketa izenik izan ez bazuen ere, Prudentzio Deuna Estibalizko Ama bertso sariketa izan zen bertako bertsolarien indarrak neurtzeko plaza, 1990ean hasi eta 2001. urte arte.
Arabako Txapelketa ofizialik ezean, Araba-Bizkaiko txapelketa izan da 1987tik 2000. urte arte Arabarrek Txapelketa nagusirako txartelak eskuratzeko lekua. Baina 2000. urtean Arabak bere bide propioa egitea erabaki zuen eta bere ordezkaritza propioa izan zuen 2001eko Bertsolari Txapelketa Nagusian.
Bide horretatik aurrera eginda etorri zen 2002ko Arabako Bertsolari Txapelketa ere. Entzuleriaren eta bertsolarien mailak ez ezik, Printzipaleko finalaren argazkiak ere garai berri bat iragartzen zuen.
“Sustraiak errotuz” izan zen 2009ko Arabako Bertsolari Txapelketako leloa, eta horixe izan da Arabako Bertsozale Elkartea sortu zenetik, eskuartean izan dugun erronkarik garrantzitsuenetako bat. Esan bezala, bertsolaritza Gasteiz edo Aiara aldean bakarrik zen ezaguna, baina gaur egun, herrialde osoan lantzen da ikastetxez ikastetxe; hainbat herritan bertso-eskola berriak sortu dira eta bertsolaritzaren lanketa, sustapena eta transmisioa eskualde guztietara zabaldu da.
Sustraiak errotuta eta 2009ko Arabako Bertsolari Txapelketa arrakastatsuak ilusio eta indar berriekin jarri gintuen 2010 begira. Hazteko gogoz, Arabako Bertsolari Txapelketa bere laugarren garaian sartu zen 2010.urtean. Formatu aldaketa ekarri zuen eta indibiduala izatetik taldeka izatera pasatu zen. Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketak bertsolari, epaile, gai-jartzaile berriak sortzen lagundu zuen. Elkarlanean sortutako Txapelketa herrikoia izanda bertsozale berriak ere hurbildu ziren.
1984. urtean lehenengo aldiz txapelketa bat antolatu zenetik aldaketa dezente jasan ditu gure egunetaraino, izena eta izana aldatu dituela esan daiteke. Baina emandako aldaketa eta aurrerapauso guztiei esker, lortu dugu gaur egun gauden lekuan egotea. Orain banakako Arabako Bertsolari Txapelketa 2 urtean behin egingo da eta tartean gelditzen den urtean Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketa antolatuko dugu.
2011ko Arabako Bertsolari Txapelketa ezberdina izango da eta honek ilusioz betetzen gaitu. 18 bertsolari izatetik 2009.urtean 30 izatera pasatu dugu 2010. Urtean. Zazpi epaile arituko dira txapelketan eta autonomia lortu dugu. Gai-jartzaile taldea ere handitu eta sendotu da.
Urtea |
Lekua |
Izena |
Txapelduna |
| 1984 | Gasteiz: Florida antzokia | Arabako Txapelketa | Juan Isasi "Txinotxu" |
| 1990 | Gasteiz: Florida kultur etxea | I. Prudentzio Deuna sariketa | Abel Enbeita |
| 1991 | Gasteiz: Florida kultur etxea | II. Prudentzio Deuna sariketa | Pedro Bizkarguenaga |
| 1992 | Gasteiz: Florida kultur etxea | III. Prudentzio Deuna sariketa | Rikardo Gonzalez de Durana |
| 1993 | Gasteiz: Florida kultur etxea | IV. Prudentzio Deuna sariketa | Zigor Enbeita |
| 1994 | Gasteiz: Florida kultur etxea | V. Prudentzio Deuna sariketa | Zigor Enbeita |
| 1995 | Gasteiz: Florida kultur etxea | VI. Prudentzio Deuna sariketa | Rikardo Gonzalez de Durana |
| 1996 | Gasteiz: Florida kultur etxea | VII. Prudentzio Deuna sariketa | Asier Iriondo |
| 1997 | Gasteiz: Florida kultur etxea | VIII. Prudentzio Deuna sariketa | Asier Otamendi |
| 1998 | Gasteiz: Florida kultur etxea | IX. Prudentzio Deuna sariketa | Asier Otamendi |
| 1999 | Gasteiz: Florida kultur etxea | X. Prudentzio Deuna sariketa | Asier Otamendi |
| 2000 | Gasteiz: Florida kultur etxea | XI. Prudentzio Deuna sariketa | Asier Otamendi |
| 2001 | Gasteiz: Florida kultur etxea | XII. Prudentzio Deuna sariketa | Asier Otamendi |
| 2002 | Gasteiz: Printzipal antzokia | 2002ko Arabako Txapelketa | Asier Otamendi |
| 2003 | Gasteiz: Printzipal antzokia | 2003ko Arabako Txapelketa | Zigor Enbeita |
| 2004 | Gasteiz: Printzipal antzokia | 2004ko Arabako Txapelketa | Asier Otamendi |
| 2005 | Gasteiz: Guridi antzokia | 2005eko Arabako Txapelketa | Asier Otamendi |
| 2006 | Gasteiz: Guridi antzokia | 2006ko Arabako Txapelketa | Zigor Enbeita |
| 2007 | Gasteiz: Guridi antzokia | 2007ko Arabako Txapelketa | Oihane Perea |
| 2008 | Gasteiz: Printzipal Antzokia | 2008ko Arabako Txapelketa | Asier Otamendi |
| 2009 | Gasteiz: Printzipal Antzokia | 2009ko Arabako Txapelketa | Oihane Perea |
Arabako Bertsozale Elkartea. www.bertsozale.com web orritik hartuta.