Raimundo German Olabide Karrera 1869ko martxoaren 15ean jaio zen Gasteizen. Mutikotan Urduñako jesulagunen ikastetxe famatura igorri zuten gurasoek ikastera eta, batxilerra bururatzean, jesulagun izatea erabaki zuen eta Loiolan sartu hamabost urte zituela. 1919ko irailaren 21ean Euskaltzaindiak Donostian egin zuen biltzarrean euskaltzain oso hautatu zuten eta garai horretan Kristoren Antz-bidea (Kristoren Imitazionea edo Kempisa) liburua argitaratu zuen. Testamentu Berria euskaratzen hamar urte eman zituen eta 1931n Bilbon argitaratu zuen. 1932an Espainiako Gobernuak jesulagunak erbestera bidali bazituen ere, Olabide Bilbon geratu zen. Beranduxeago, Arantzazun ezkutatu eta handik Gernikara joan zen 1935eko maiatzaren 20an. Bertan gerrak harrapatu bazuen ere, Gernikako bonbardaketatik bere idatziak onik ateratzea lortu zuen. 1937-1938 ikasturtean Okzitaniako Tolosan bizi izan zen eta Gerra Zibila bukatu eta gero ere ez zen Euskal Herrira etorri, lanean jarraitu zuen Biblia osoa itzultzeko. 1942ko irailaren 9an istripuz hil zen. Hala ere, Olabidek Biblia osoaren itzulpena bukatuta utzi zuen, azken prestalanak, ukituak eta oharrak izan ezik. .
(Iturria: bidegileak, 1987an jaiotako bilduma honek (Eusko Jaurlaritzak sortua) euskararen alde aritutako norbanakoak, etxekoak zein kanpokoak, ditu aztergai).
Dokumentuak