Zuiako Kuadrillak Argia emanaldiak ekimenarekin egin du bat
"Lucio" dokumenala lehenengo emanaldian
2012-02-14

Bada denbora apur bat “Argia emanaldiak” ekimena martxan jarri zela. Helburua taberna, gaztetxe, kultur etxe eta euskaltegietan hilero dokumental bat proiektatzea da, guztiak euskaraz edo euskarazko azpitituluekin.
Horrela, Euskal Herri osoan kalitatezko lanak zabaldu eta euskarazko ekimenen inguruko bilguneak bultzatzeko asmoa dago. Proiektua irekia da eta herritarren parte hartzea ezinbestekoa da proiektua zabaltzeko.
Dagoeneko 25 elkartetik gora daude ekimenean sartuta. Eta horien artean dago Zuiako Kuadrilla ere. Proiektatzen diren lanak Argiaren dokumentalen ataletik hautatzen dira, eta aldez aurretik ARGIAk ezartzen du hilabete bakoitzean zein izango den Euskal Herriko hainbeste txokotan era bateratuan proiektatuko den lana. Hilero antolatzaile guztiek lan bera emititzen dute, horrela lan bakoitzari zabalpen handia eta bateratua eman asmoz.
Otsailetik aurrera Zuiako Kuadrillako sei udalerrietan egingo dira emanaldiak (hilabete bakoitzean herri batean). Zehazki, “Lucio” dokumentala izango da lehenengoa, eta Izarrako kultur etxean egingo da emanaldia. Hona hemen egutegia.