Harremanetarako | Nor gara

Berriak berri

Kanpoko hotzari aurre eginez giro ederra Arabako txoko ezberdinetan

Bertsolaritza: Kuadrillarteko ligen bigarren asteburua

2012-02-13

Gasteizko Kutxi kalean dagoen Errexala Elkartean, berrogeita hamar bat bertsozalek saio polit batekin gozatzeko aukera izan zuten ostiralean. Horrela hasi zen ligen bigarren asteburua.

Alde batetik, idatzizko modalitatean bertso sortak izan ditugu: Trebiñuko Gutxisolo Elkartea eta Otazuko Albokariak. Ederki berotu zuten giroa, beraien bertso eder eta antzeztuekin. Esan beharra dago, saioz saio, gero eta gehiago lantzen direla bertsoaren gaiak, errimak eta baita ere antzezteko erak.

Honen ostean, bat batekoak etorri ziren. Bertan aurrez aurre, Gasteizko Errexala eta Gasteizko Aizkorak Zorroztu. Pedro Gomez gai-jartzailearen aginduetara aritu ziren. Saio oso txukuna eskaini zuten talde biek eta txalo asko entzun ziren saio osoan zehar. Baina batek bakarrik irabaz dezakeenez, epaileek Gasteizko Aizkorak Zorroztu taldea aukeratu dute gaurkoan.

Ostiraleko biharamunarekin oraindik, larunbat eguerdian ekin zion berriro txapelketak. Aguraingo Aitxuri elkartean, goiz goizetik aritu ziren herriko hainbat “chef” bazkari ederra prestatzen. Bapo jan eta edan ostean, bertso saioari ekin zioten bertsozale eta bertsolariek. Elkartean bildu diren 70en bat bertsozalek gozatu ederra hartu zuten ordu bete pasatxoko saioan.

Idatzizko modalitatean, “aguraingo ostegunekoak” eta “aguraingo ostiral iluntzetako berbalagunak” aritu ziren kantari, giro ederrean, publikoaren laguntzaz.

Miren Garmendia gai-jartzailearen esanetan, bat-batekoan, nor baino nor aritu dira “Aguraingo Sorginetxeko” gazteak eta Arabar Errioxakoak. “Hegan noa, ta hegan nator, hego haizea bezain aldakor” estribilloarekin eman zioten Errioxakoek hasiera bertso saioari, agurrekin. Pike sanoan aritu ziren bi taldeak, horren adibide Aguraingoek botatako honako bertsoa amaiera: “Gaurkoan egin dugu irri ta algara /baina badakizue garai-ezinak gara!” . Eta saioari amaiera emateko, bi taldeek batera estribillo bera erabili zuten, publikoaren berotasunarekin batera: “Errioxa eta Lautada /ertzetakoan onenak gara”. Eta epaileek Aguraingo Sorginetxe taldea hautatu zuten garaile.

Larunbatean bertan, txapelketak Urkabustaizera salto egin zuen eta ohitura markatu bezala, bertso saioa idatzizko frogarekin hasi zen, Izarrako neska gazteen taldea, “Izarrako sorgin txuriak”, bertso bikainak eskaini zizkiguten gaueko saioa berotzen hasteko, eta entzuleen arreta eta txaloak bereganatu zituzten.

Behin giroa berotuta, bertsolarien txanda heldu da, hauek bat-batekoan aritu ziren froga ezberdinetan. Bertsolari guztiak kantatzen aritu ziren zekiten bezain ondo, eta hasiberrien artean urduritasuna nagusitu arren, oso ondo aritu ziren. Azkenean, epaileek erabakia hartu zuten, Aramaio Izarrak izan ziren irabazle.

 

Igandeko bi saioek itxi zuten beste bertso asteburu eder hau. Gasteizko Muñoko katuak vol II taldeak irabazi zuen Aiaraldeko Altubepekoen kontra Saratxoko txokoan jokatutako kanporaketa. 30 lagunen artean giro eta saio ederra osatu zuten hamar bertsolariek. Muñoko katu gazteek ez direla kikiltzen erakutsi zuten. Izan ere, hortz zorrotzekin heldu zieten Serapio Lopezek, Unai Mendibilek, Ainhoa Comasek, Julen Eizagirrek, Izar Mendigurenek eta Iñaki Cabezasek osatzen duten taldeari. I

datzizko txapelketan, Laudioko Bertso Eskolakoak eta Basalarrinako Kantuzaleek prestatutako bertso sortek entzuleak txalo eta irrika jarri zituzten.

Eta azken saioa Zuiako ligako izan zen, aurreko asteburuan elurragatik jokatu ezin izan zen saioa bertso merienda formatuan jokatu zuten Aramaioko Marixeka eta Urkabustaizko Izarra taldeek. Bertan Izarrako mutilak! taldeak kantatu zuen idatzizkoan. Eta Aramaioko taldeak irabazi zuen azkenean saioa.

Ligak pil-pilean daude; Gasteiz-Aiaraldea ligan, Aiaraldeko Altubepekoek Eguzkiloreen kontra irabaziko balute berdinketa emango litzatekeelako hiru taldeen artean. Hala bada, punturik gehien bildu duten taldeak egingo du aurrera. Gasteizko ligan Kakiturri-Ehari eta Aizkorak zorroztu artean izango da finalerdietarako azken guda; Zuiako ligan Aramaioko bi taldeen arteko demak emango du ligako irabazlea. Eta Lautada-Errioxa ligan Aguraingo Sorginetxe taldeak finalerdietako pasea eta ligako garaipena lortuta duen, Zalduondo eta Errioxako taldeen arteko lehia polita eta idatzizkoaren emaitzak ere falta dira.

Honenbestez, inauterietako asteburua eta gero, azken txanpan sartuko da Arabako Kuadrila arteko Bertsolari txapelketako liga kanporaketa fasea. Finalerdietarako ateak zabalik, talderik onenak egin dezala bidea!

Informazio gehiago: www.arabakotxapelketa.org

Facebook Twitter
   

Utzi zure erantzuna:

* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
Idatzi ezazu segurtasun kodea    
segurtasun kodea  
       

Euskararen agenda

atzera Maiatza 2012 aurrera
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031   
Harpidetu zaitez

Ba al zenekien?

Bazenekien...

Bazenekien...

© 2009 Euskaraba, Arabako Euskararen ataria - ARABAKO FORU ALDUNDIA
Probintzia plaza z/g, 01001 Vitoria-Gasteiz - Araba T.: 945 18 18 18
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A