Albisteak

Euskararen Lehen Plan Estrategikoa Biltzar Nagusietan

2010-2013 Plana aurkeztu du Lorena Lopez de Lacalle diputatuak

2010-02-10

Egun on eta eskerrik asko batzordeburu jauna! Egun on batzordekide jaun-andreok!

Arabako Foru Aldundiak iazko azaroan onartutako Euskararen Lehen Plan Estrategikoa azaltzeko agerraldia dugu gaur. Euskara, Kultur eta Kirol Saileko zuzendari Agustin Otsoa Eribekorekin eta Euskararen Foru Zerbitzuburu den Jokin Larrañagarekin batera natorkizue xehetasunak ematera.

Arabako Lurralde Historikorako Euskararen Lehen Plan Estrategikoa aurkezten dizuegu gaur, hurrengo 4 urteetan ezinbesteko tresna bilakatzea nahi duguna, izan ere, biltzarkideok, hizkuntza alorrean garaiak aldatuz datozkigu, hainbeste non, gaur eguneko egoerei erantzungo dieten tresnak beharrezkoak izango ditugun.

Arestian esan bezala, garaiak ez dira artean zirenak. Hain zuzen, hizkuntza aldetiko aldaketa esanguratsua gertatzen ari da Araban, joera aldaketa bat erakunde publikoak esku hartzera behartzen dituena, horrelakorik egin ezean arduragabekeria larria izango litzateke-eta: batez ere, diputatu andre abertzale batentzat, alegia, neuretzat; baina baita (euskarak irudikatzen duen kulturaren ispilu aberasgarria) ez denarentzat ere.

2006ko datu ofizialen arabera, urte hartan Arabako populazioaren ia %43 gutxi-asko komunika zitekeen euskaraz: %25 elebiduna zen, eta %18 elebidun hartzailea (euskara ondo ulertzeko gai da, nahiz eta ondo ez hitz egin). 2006an %43, 125.000 arabar inguru.

2010ean gara, eta, datu horien arabera, eta aurreikusi daitekeenarekin, esan genezake Araban elebidunen kopuruak erdaldun elebakarrak baino gehiago izango direla, aspaldi ez bezala, gure Lurraldean. Joera aldaketa historikoa, esango nuke nik, hainbat alorretan egin diren saiakera tematsuen fruitu dela (helduen euskalduntzea, hezkuntza sistema, eta abar). Ez dezagun, haatik, bidaiak buru egin duenik pentsa.

Aitzitik, 125.000 lagun horiek hizkuntza erabiltzeko eskubidea izan dezaten guneak zabaltzeko indarrak metatu behar ditugu, bakoitzak nahi duen neurrian. Hizkuntzaren gizarte-erabilera errealean euskarak etorkizuna du jokoan, eta nahita nahizkoa da orain arte egin denetik gora aritzea, erabilera indizeek erakusten diguten bezala.

Euskaldunen eskubide kontua dela esango nuke. Euskaraz hitz egiteko gai denaren hizkuntz eskubideak bururaino eramateko baldintzak jarri behar dira (alafede, ganbara-mahai honetan irudika daitezkeen kolore politikoak oro, milaka lagun horien artean ere badaudenak).

Euskararen gizarte erabilera sustatzea. Hori da gure lana. Nire sailaren jardueran ardatzetako bat da, baina baita hizkuntza-politika guztiak euskararen edozein lurraldetan gidatzeko ardura duenarentzat: esate baterako, aurreko Eusko Jaurlaritzaren taldeak ezarri zuen Euskara 21, Itun Berri baterantz, izeneko agiri estrategikoa, zein Jaurlaritza berriak ere jasotako keinua den, hain zuzen.

Hizkuntzaren erabilera sustatzea, erabilerarako baldintzak eskaintzea. Eskubidea delako, baina baita guztiz afera kulturala delako (gure kulturan ardatz izanik euskara bera, berreskuratze prozesuan, era guztietako laguntzak behar ditu). Nahi izatera, diru kontuagatik ere esango nuke: egia baita hainbat diru bideratu dela hamarkadetan zehar hizkuntza-normalkuntza gastuak ordaintzeko; hara, nire aburuz, hainbesteko indar-metaketa ekarri baldin badu, ekonomikoki zein maila pertsonalean, bide hori betetzea dagokigu orain euskararen gizarte erabileraren aldeko politika aktiboak sustatuz, bestelakoan, hizkuntza egitatez galtzeko arriskua dugu (erabilerarik gabeko ezagutza) eta, berarekin batera, hainbat eta hainbat indar-metaketa.

Gaur egungo egoerak, beraz, tresna garaikideak exijitzen dizkigu. Hau da, jendarteak gaur egun behar eta eskatzen dituenak emateko lanabes egokiak. Horixe izan nahi du Planak. Diputazioak erantzun bat eman nahi lioke egoera horri, eskemak eguneratuz.

Aldundiak rol garrantzitsua jokatu zuen aspaldian euskararen alde. Gure lehenengo ikastolak sortu eta bultzatzeko ahalegin paregabean, adibidez. Makina bat lan egin zuen duela hiru-lau hamarkada, oro har, euskara ikastearen aldeko ekimena sustatuz.

Alabaina, arestian esan bezala, garaiak aldatu egin dira, eta gaur egungo beharrizanak asebeteko dituen estrategia moderno bat behar du Arabak. Hona hemen gure proposamena.

Honako helburu nagusi hauek ditu Euskararen Plan Estrategikoak: tresna bat izan nahi du euskararen normalkuntzan laguntzeko hizkuntzak Araban dituen lurralde guztietan, eta, beraz, baita Trebiñun ere.

Bigarrena, hasieran esandakoa: euskaraz bizitzeko aukerak eskaini hala egin nahi duen gizaki orori.

Eta hiru (eta oso garrantzitsua): Araban euskaran esku hartzen duten agente sozial eta instituzional guztien arteko koordinazioa, ezinbestekoa baita hori aurrera egin ahal izateko.

Ezagutzen duzue Plana, irakurria duzuenez, iradokizunak eta iritziak ez baitziren faltan izan; esker mila, bidenabar.

Badakizue, hortaz, 7 esku-hartze esparru dituela diseinatuta: gazteak eta aisia, helduen euskalduntzea, kulturgintza, ostalaritza eta merkataritza, irakaskuntza eta familia bidezko transmisioa, komunikabideak eta administrazioa.

Honezkero jakingo duzue 75 ekintza proposatzen direla hurrengo urteetan egitekoak, aurtengo, milioi bat euroko aurrekontua dagoela.

Orain, berriz, , Planaren izaeraren berri izan dezazuen, alde batetik; bestetik, beste batzuk nola ari garen garatzen zehatz-mehatz erakutsiko dizuet zenbait oharren bidez .

PROZESUA

Azken edukiaz bezainbestekoa dela uste dugu nola egin zen, eta zein bide jorratu zuen.Jokinek aparteko kapitulu batean azalduko dizue, merezi baitu, zinez, nik hemen eta orain goratu nahi dudan hau.

2009ko maiatzean abiatu zen prozesuak helburu eta estrategien hausnarketan, diagnostikoan eta proposamen faseetan gertatu zen gizarte-partaidetza izan zuen iparra. Zoritxarrez, administrazioaren ekimenetan, oso ohikoa izaten ez dena.

Lehenbiziko aldia da, esan nezakeela uste dut, plan batek euskalgintzaren, alegia, euskararen munduko erakundeetako ordezkaritza zabalaren planteamenduak jasotzen dituena. Azken finean, euskalgintza bera da joan-etorri honetan eragile-ardatza, nahiz eta ez bakarra.

PLAN URRATZAILEA

Euskara arloan Araban baziren beharrizan larriak, landu gabeko lurrak. Plan honek, era horretako lehenengoa, bete gabe zegoen hutsunea betetzera dator.

PLAN NAHITAEZKOA

Gaurdaino ez bada planik egin, ez da izan premiarik izan ez delako. Euskara politikak sustatzea, besterik gabe, ez baitzen lehentasuna agenda politikoetan. Hala ere, nahitaezkoa zen premiak eta helburuak mugatzea, hori guztia epe ertainean diseinatutako jarduera-marko batean (2013), epe-laburkeriazko jarduera isolatuak gaindituz horrela, nora doan ez dakien harenak bezala.

Planak testuingurua ematen dio, eta bere abaroan sortu eta garatzen dira oinarri-oinarrizko jarduerak, hala nola, Arabako Euskara Teknikarien Sarea; koordinatua, formazio eta iritzi argiekin, non eta jarduera esparru jakin batean; sare honek arian-arian indartuz beharko luke joan, aurrerantzean eraiki nahi den horren guztiaren oinarria izango delako.

Arabako Euskara Teknikarien Sarea aurreko udan jaio zen. Kuadrillei zuzendutako diru-laguntza ia osoa Aldundiaren kontura doa. Pozik gaude oso nola doazen gauzak, eta euskara arloko jarduera oro koordinatzeko eta dinamizatzeko nahitaezko abiapuntua izanik indarberritzen gaitu.

Horrela, hile honetan Arabako lurralde guztietarako eszenatokiak beteko ditugula iragarri nahi dizuet, izan ere, Trebiñurako euskara teknikariaren kontratazioa aterako dugu, udaberrirako lanean izatea espero baitugu. Bi udaletxeekin hitz egin dugu (Trebiñuko Konderria eta Argantzuko Lapuebla), eta, kasu honetan, izaera bereziko hitzarmen baten bidez hornituak joan beharko dugu. Hala ere, prozesua martxan da dagoeneko.

Teknikarien sarea dugu erronka nagusia, ikusiko duzuen bezala. Den bezala ulertu behar duzue (berdin samar ari baitira, adibide bat ipintzearren, eragile-ardatz diren teknikari soziokulturalak; antzeko planteamendua izatea euskararentzat zilegi delakoan nago).

Helburu estrategikoa denez, sarea aurten iraunkor eta haratago jarri nahi dugu ( badakizue 270.000 euro jartzen dugula eginkizun honetarako). Horrela ba, formazio ikastaroa egiten ari gara sareko teknikarientzat, koordinazio irizpideak landuz batez ere. Aurten 80 ikastordu jasoko dituzte. Argi dabiltza, bestalde, Kuadrilla bakoitzak bere plana diseinatzea eta onartzea xede baitute.

Plan honen premia beste era batera ere irakur liteke. Lehenago aipatu dudan bezala, arabar gizartearen esparru zabala euskalduntzeko saiakera aintzat sekula ez nahi beste hartua, gaur berebiziko arreta jartzea eskatzen ari dena, ikas prozesua burutuko badu. Mintzalagun taldeei buruz ari natzaizue, aurten koordinatu, eta hizkuntza erabiltzeko aukerak eman nahi dizkiegunak, ikasketa hori dinamizatuko duten jardueren bidez.

PLAN OSAGARRIA

Aldundiaren Euskararen Lehen Plan Estrategiko honek ez du beste planik edo beste erakundeen lana estaliko: Plan hau osagarria da. Berezkoa du tresna izatea, Kuadrillen esku uzten den baliabidea, inola ere ez, erakundeek eurek nahi ez duten portura eramateko, alderantziz baizik: bideratzea, limurtzea, laguntzea...

Gure herrietan horrelaxe aurkeztu eta halaxe onartu dira. Kasu baterako, Ttakun elkartearekin ari gara lanean begiraleen lana zein garrantzizkoa izan daitekeen jakinda eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz egin daitezen, erabat beharrezkoak, han non premia larriak daudela iritzita Kuadrilletara bertara eraman ditugun gure indarrak.

Beraz, gaur aztergai dugun Plana erabakiorra da, horrela jokatzen du ate zirrikitua edo bete gabeko hutsuneren bat dagoen tokian. Adibidez, HABE euskalduntze taldeak diruz laguntzeko sartzen ez den tokietan taldekako baldintza bereziak eta abar dagoenean, hortxe gaude gu, premia eta eskaera dagoela kontuan. Halaber, Eusko Jaurlaritzak Trebiñu bezalako esparruetan ez badu esku-hartzen, horraxe goaz, izan ere kokagune hau (nahita edo ez) euskararen gure lurraldeetako bat da. Lakuatik bertatik horrela juzgatu dute, eta nola ez, ildo beretik jarrai genezan adierazi digute.

PLAN BATERATUA

Aurrekoaren haritik, zertxobait gehiago sakontzearren, esan beharra daukat bide honetan egunean diren prozedurak eta hurbilekoak jarraitu ditugula. Izan ere, arestian aipaturiko Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskara 21 agiri estrategiko eta bateratuetako jokabide eta metodologietan oinarritu gara. Argi dago jarduera esparru honetan estrategiak direnak direla, eta, adibidez, gurea ez da Vitoria-Gasteizko udalak darabilen planteamendu orokorretik oso urruti ibiliko.

PLAN GAURKOTUA

Plan hau egitea nahi eta nahizkoa zelakoan nago, hain zuzen, arrazoi xume bategatik: iritziak eta tresnak gaurkotzen dituelako; gauza askotxo pasatu delako azken hamarkadan, eta, zirt edo zart: edo egunean jartzen gara, edo egunez egunekoak jan egingo gaitu.

Horrela, arretatsu oso ari gara jokatzen komunitatez haraindiko etorri-berrien hazkundearekin zerikusia eta gure hizkuntza errealitatean eragina duten politikak sustatzeko orduan,: Espejon gazteentzako egotaldi kultur anitzak, adibidez, (gaztetxoak euskararen mundura hurbiltzeko saio gisa).

Eta modu berean egin nahi dugu inoiz Euskal enbaxadorea deitu dugun programarekin ere, hau da, etorri-berrien elkarteetako ordezkari eta partaide den horren euskalduntze prozesuaren gastua geure gain hartuz, elkarte hauekin elkarren arteko zubia eraikiz, etorkizun motzean programa sakonagoak eta orokorragoak eskaini nahiko dizkiegulako. Beraz, eskemak gaurkotzeaz ari naiz, gaur eguneko errealitatea ( lehen aipatzen nizuen bezala) erabat aldatu baita.

Halaber, bide beretik, teknologi berrien esparrua bezalakoei heldu beharrean gaudela uste dugu. Horretarako, www.euskaraba.com jarri dugu abian, Arabako euskararen atari bat, zeinetan euskaldunak inguruko erreferentzia koordinatuak aurkituko dituen, eta, euskalduna ez dena ere, euskararen unibertsora hurbil dadin bilatzen duena.

BEGIRUNEZKO PLANA

Begirunea (lehen azaldu dut jada) pertsona elebidunekin eta baita bere hiztun- eskubideekin. Baina baita elebiduna ez denarekin ere, Planean dekalogoak dioen moduan. Bertan gizarteak bi hizkuntza ofizialetatik edozein aukeratzeko daukan askatasun linguistikoa aldarrikatzen du, gizartea elkarte linguistikoetan banatzea alboratu egiten du, eta hizkuntzaren erabilera eta jarrera alderdikoiei uko egin dio.

Garaiak aldatu direla esan dizuet behin baino gehiagotan. Aldaketa alor guztietan ari da nagusitzen. Nire ustez, euskara dela-eta sektarismoz jokatzeko joerak geroz eta etorkizun gutxiago dauka, edo, behintzat, egiten duenak geroz eta zilegitasun gutxiago du eta agerian gelditzen da horrela jokatuz gero.

Baikor naiz, bada. Esandako guztiagatik, baina, baita ere, euskara ez dakiten arabar askok ezagutzeko gogoa dutelako aukerak emanez gero. Horregatik, topatu egingo nau euskararen alde lan egin nahi duen orok, denok batera aurrera egiteko garaiak gertu direla uste baitut. Badakit batzuek pentsatuko dutela, akaso, minimoetako lana planteatzen ari dela hemen, eta baliteke kasu batzuetan hala izatea, baina egoera (abiapuntua) ez zen onena, ia dena egiteko zegoelarik.

Baikorra naiz, era berean, urratsak ematen ari garelako banaka-banaka. Legealdia hasi eta urtebetera martxan jarri genuen Euskararen Foru Zerbitzua. Zerbitzuaren aurreneko lanetako bat Euskararen Plana taxutzeko prozesua zen, eta iazko hondarrean heldu zen. Legealdiaren azken fasean plana garatu beharra dator, eta horretan gaude buru-belarri. Euskararen inguruan garai aldaketan gaude, bai, baina, esan bezala, biltzarkide jaun-andereok, itxaropentsua naiz etorkizunari begira.

Eskerrik asko!

erantzunak

   

Utzi zure erantzuna:

* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
Idatzi ezazu segurtasun kodea    
segurtasun kodea  
       
© 2009 Euskaraba, Arabako Euskararen ataria - ARABAKO FORU ALDUNDIA
Probintzia plaza z/g, 01001 Vitoria-Gasteiz - Araba T.: 945 18 18 18
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A