Araba euskararen lurralde peto-petoa
Gasteiz mendebaleko euskalkiaren soburu izan zen
2010-02-25
http://www.elkarargitaletxea.com/promoak/euskalkiak/

Filologien aukera egin zuen, lehenik Deustuan filologia ingelesa egiten hasi, bukatzeke filologia frantsesera jauzi, eta handik hispanikora. 1980an amaitu zuen hori. Uste gabe, 18 urte zituela, eskolak ematen zituen lekuan, hiztegi bat egiteko asmoa sortu zen, Xabier Kintana buru eta Joseba Tobar laguntzaile zirela, eta sarri eskolara piper eginda, hiztegirako fitxak atontzen jardun zuen ia urte betez. Eskolak ematen zaildua artean, auto-istripu batek hilzorian utzi zuen ospitalean etzanda. Eten gogor horretatik biziberritua, filologiaren deia izan zuen berriro, eta Euskal Filologia egin zuen. Ondoren, Bordeleko unibertsitatean tesia egin zuen euskara batuaren sorreraz eta egituraz. Harrezkero, bere bizitzan konstante bat da euskara batuak eta euskalkiek nondik nora joan behar duten aztertzea.
Euskara batuaren eztabaidak bete-betean harrapatu ninduen. Batua 1964 eta 1968 inguruan sortu arren, polemika 70eko hamarkadan piztu zen gehienbat. Gogoan daukat Bilbora ikastera joan nintzenean, tirabira handiak zeudela gai horren inguruan. Oso mezu diferenteak jaso nituen Eibarren eta Bilbon. Eibarren Juan San Martin, Imanol Laspiur eta Serafin Basauriren hitzaldiak entzutera joaten ginen, artean guk 16-17 urte genituen, eta beti esaten ziguten, euskara batua behar zela Iparraldeko jendearekin erabiltzeko edo ikastoletako testu liburuak egiteko. Bestela, bakoitzak bere euskalkiari eutsi behar ziola. Eta hori, gainera, Eibarko euskaraz esaten zuten. Horregatik, guretako euskara batua oso positiboa zen, ondo hartu genuen.
Ostera, Bilbora joan nintzenean, bi ikastola zeudela ikusi nuen, bat euskara batuan, beste bat bizkaieran, bi gau eskola, bi aldizkari (Agur eta Anaitasuna), eta denak bata bestearekin borrokan. Euskaraz baina, ez zen berba egiten, ez zegoen euskararik. Gainera, bai bizkaieraren aldekoek eta bai euskara batuaren aldekoek erabiltzen zuten euskara guztiz arraroa zen: bizkaieraren aldekoek aranismoz jositako euskara; batuaren aldekoek Lapurdiko XVI eta XVII. mendeetako idazleak, Axular eta Leizarraga, iturritzat hartuta. Ez bata ez bestea ez ziren eredu egokiak.
Nik argi ikusten nuen euskara batua beharrezkoa zela, euskaldun berriek euskara ikasteko, liburuak idazteko eta euskaldun denon artean erraz elkar ulertzeko, baina euskara batu horren izenean zabaltzen zegoen hizkuntza eredua ez nuen ikusten egokia.
Eskolak ematerakoan, esate baterako, izan eta ukan bereizten genituenez, ikusi izan dut gaizki zegoen, ikusi ukan dut zen zuzena. Edo, Iparraldean eta Nafarroan bi eta biga bereizten zituztela eta, lagun bi ondo, baina zenbakia bakarrik esan behar zenean, ezin zen bi esan, biga baizik.
Ondo gogoan daukat Deustuko Unibertsitatean alfabetatzen hasi nintzenean gertatu zitzaidana. Egun baten, eskolan jende gutxi geunden, eta irakasleak galdetu zigun: “non dago jendea?” Eta nik esan nion: “etxera joango ziran”, ze greba bat-edo zegoen. Irakasleak serio esan zidan: “egidazu euskaraz, mesedez”, “etxera joango ziren” gaztelania da, “se habrán ido a casa”ren ordaina. Euskaraz “etxera joan dirateke” esan behar da. Horrela esaten da Iparraldean eta horrela agertzen da Bizkaiko 1596ko Refranes y sentencias liburuan. Sekulako lotsaria pasatu nuen. Gainera, irakaslea pertsona ospetsua zen -ez dut haren izenik esango-. Problema, dena dela, ez zen irakaslea, Bilbon hedatuta zegoen euskara zen arazoa.
Alfabetatzeko ikastaro hori amaitu nuenean, argi neuzkan gauza bi: Eibarko euskara txarra zela, eta euskara ona Axular, Leizarraga, eta abarrena zela.
Harrezkero, nire bizitzan konstante bat izan da euskara batua eta euskalkiak nondik nora joan behar duten jakitea. Nire lanagatik, dialektologia edo soziolinguistika kontuengatik, batetik bestera ibiltzen naiz, eta beti jendeari galdezka jardunda, benetako datuak jasotzen ditut, gaur egun egiten den euskara nolakoa den ikusten dut, eta hori ezinbestekoa da hizkuntza zelan bideratu behar den jakiteko.
Euskararen sendabelarrak liburuan bihotzarekin hitz egiten al duzu?
Jenio txarrarekin, behintzat, bai. Izan ere, euskara batua aplikatzeko orduan, ez da ondo jokatu, ez direlako kontuan hartu herri euskaldunak eta herri erdaldunak, ez direlako kontuan hartu herri euskaldunen arteko aldeak ere. Ez da berdin Lesaka bat, edo Lekeitio bat. Herri euskaldunetan euskalkiren bat egiten da, eta ezin zara joan lau urteko ume batengana eredu berberarekin Oionen edo Aramaion.
Liburu hori egiteko beste arrazoietako bat izan zen Euskaltzaindia oso geldi zegoela eta, aldi berean, jendea konturatzen zela euskara batua hermetikoegia zela. Beste gauza batekin ere jabetzen nintzen: gaur egun bertan jende askok ez duela euskara batua berea balitz bezala hartzen eta, jakina, hiztuna euskara batuarekin identifikatzea lortu behar da.

Baina Euskaltzaindiaren eginkizuna da esatea batua noiz erabili beharko den eta noiz ez?
Nire ustez bai, ze berak hartu du batasuna egiteko erantzukizuna. Dena dela, Euskaltzaindiaren esparrua ez bada, beste norbaitena izan beharko du. Behinik behin, garbi dago euskara batua gaizki ari garela erabiltzen. Hezkuntza Sailak zuzendu behar duela? Ba beharbada bai. Edo HABEk zuzendu behar duela? Baliteke. Ez dakit nork, baina norbaitek hartu behar luke ardura hori bere gainean. Azken batean, hutsune hori ikusten nuelako etorri zen Euskararen sendabelarrak liburuaren tonu borrokalaria.
Euskalkien alde egin arren, estandarra ez duzu alboratzen, inondik ere.
Ez horixe! Esaten dudana da euskara batua noiz eta non erabili behar den argitzea komeni dela. Min ematen dit, esate baterako, hemen bertan, Urdiainen, 30-40 urteko euskaldun batzuek euren seme-alabei batuaz egitea. Euskara batua ez da horretarako egin, ez da Urdiainen edo Sakanan erabiltzeko egin, euskara batua beste esparru eta beste zeregin batzuetan erabiltzeko egin da.
ARABAKO EUSKARA
Arabako euskaldunek ze euskalkitan egiten zuten berba?
Orain badaukagu material ugari samarra Arabako euskara zelakoa zen jakiteko eta ematen du Araban bertan sortu zirela berrikuntza mordo bat. Gero Arabatik bere ingurura zabaldu ziren: Bizkaira, Deba ibarrera, Goierrira, Burundara, Ameskoara eta Lanara eta, ziurrenera, baita Errioxa eta Burgosera ere. “Mendebaleko euskalkia” dei dakioke euskara horri eta horixe da, beraz, Arabako euskaldunek egiten zutena.
Arabako euskara zahar horrek balio ote du gaurko?
Ba askotan ez, ze XVI. mendeko eta XVII. mendeko idazleak oso urrun gelditu dira. Baina beste askotan bai. Esate baterako Arabako idazle denek “bidaldu” idatzi zuten; “igorri” inork ere ez. Zer hitz erakutsi behar da, orduan, Araban, Arabako euskaltegi edo ikastetxe batean? Dudarik barik, bidaldu. Edo ezer eta deus artean zein? Ba ezer. Zergatik? Horixe delako Araban erabili dena.
Lelokeria litzateke Arabako euskara zaharra, peto-petoa, XXI. mendean erakusten hastea, baina iraganeko gauza batzuek balio dute oraingo. Aipatu ditudan moduko adibide asko daude: ahaztu / atzendu / ahantzi hirukotetik, esate baterako, ahaztu aukeratzea da zentzuzkoa, horixe erabili dutelako arabarrek beti. Nik uste dut tradizio hori neurri batean aplikatzen hasi beharko genukeela. Horixe da une honetan eskuartean daukadan lana: Arabako antzinako idazleei oraingo eta etorkizuneko perspektiba ematea.
.jpg)
Esan izan duzu Oñatiko euskararen antza duela Gasteizen antzina egiten zen euskalkiak.
Esaten dut Oñati Gasteiza begira egon zela. Normala da hori. Oñatirentzat herri nagusi gertukoena Gasteiz izan da. Oñati, Arrasate, Aretxabaleta... inguru guztirako Gasteiz izan da eredua. Debagoiena eskualdean egiten den euskarak asko zor dio Gasteizen antzina egiten zenari. Baina, jakina, gaur egun Oñatin egiten den euskara ez da Gasteizen antzina egiten zen berbera. Azken mendeotan Oñatiko euskarak bere bidea egin du eta beste eragin batzuk izan ditu, batez ere, Gipuzkoakoa.
Eta Araba osoan egiten zen euskara bera?
Ematen du ezetz. Araban ekialdera joan ahala, aldatu egiten da berbeta. Esate baterako, behin Donemiliaga, Agurain eta Arraia-Maeztu aldera heldu orduko beste eragin batzuk egon direla ikusten da. Badirudi zenbait moda Iruñean sortu zirela eta, Iruñeko eragin hori, Arabako ekialdean indartsuagoa izan zen mendebalean baino.
Indar gune bi horien (Gasteiz, Iruña) eragina ikertzen ari zara orain?
Bai. Niri, hemen, Urdiainen egoteak begiak zabaldu dizkit. Hemen domekia esaten da, edo izaria, lapikua, ortua, paparra, pitsa eta beste horrelako hitz eta egitura ugari. Bizkaieraren eragina dela esan izan da orain arte, baina egia ote da hori? Bizkaitik hona etorri ote dira gauza horiek? Zaila da.
Urbasa mendiaren beste aldean dago Ameskoa, eta hegoalderago dago Lana. Bi eskualde horietan ere badaude berba eta egitura batzuk beti bizkaierazkotzat jo izan direnak. Galdera da: Bizkaitik zelan etorri daitezke gauza horiek hona? Azpeitira joan litezke beharbada, baina honaino, Urdiainaino? Zaila da. Eta Ameskoara? Are zailagoa. Eta Lanara? Ezinezkoa.
Gainera, Bizkaian zer hiri handi egon zen antzina, XIV. mendea baino lehenago? Bat bera ere ez. Gasteiz, aldiz, haundia izan da. Gasteiz hartzen badugu gune moduan, erraz ulertzen da hizkuntzako modak Lanara, Ameskoara, Burundara edo Goierrira joatea.
Beste gauza batzuk, berriz, Lapurdira, Nafarroa Beherera, Gipuzkoako ekialdera eta Nafarroara zabaldu direla ikusten da. Eta horiek non sortu dira? Leku posible bakarra Iruña da. Hori da, nire iritzian, gaur egun dauzkagun datuekin esan daitekeena.
(1).jpg)
Arabako euskararen gaineko ikerketan esateko moduko ondoriorik?
Ba bai. Gauza da Arabako euskara ez dugula sekula ezertarako aintzakotzat hartu. Eta orain ikusten hasi gara, harrigarriro, Araba izan daitekeela mendebaleko euskalkiaren sorlekua.
Historialariek esaten dute VIII. menderako diferentzia batzuk nabari direla Euskal Herrian. Araba eta Bizkaia Nafarroako Erresumatik bereizi eta Asturiasko Erresumarekin jarri zirela hartu-emanean. Hizkuntzak ere erakusten du mendebaleko euskara hori berezia dela, denetan bereziena. Gauza berri asko sortu dira bertan. Esate baterako, deklinabideko morfema berriak: -gaz (lagunagaz), -rutz (etxerutz)…
Beste gauza bat ikusi dut: euskalkiek, antzinako tribuek eta elizbarrutiek ez daukatela batak bestearekin zerikusi handirik. Bada oso zabalduta dagoen ikuspegi bat, gehienbat Julio Caro Barojaren eskutik heldu zaiguna. Ikuspegi horren arabera, euskalkiak erromatarrak etorri aurrekoak omen dira, karistiarren, barduliarren, baskoien eta leinu haien garaikoak.
Ez dirudi egia denik. Horren guztiorren adibide on bat hementxe daukagu, Burundan: tribu eta elizbarrutien banaketaren gainetik, Nafarroako alderdi honetan egiten den euskara eta Arabako ekialdean egiten zena berdintsuak direla ematen du.
Beste adibide on bat Urbasaren beste aldean daukagu, Ameskoan. Eskualde hori bitan banatuta dago: Ameskoagoiena eta Ameskoabarrena. Gauza da Ameskoagoiena elizaz Calahorrakoa zela eta Ameskoabarrena, berriz, Iruñakoa. Elizak bereizita zeuzkan, baina bi eskualde horietako toponimia berdin-berdina da eta bertan bizirik irauten duten euskal hitzak ere bai.
Beraz, hor ikusten da elizaren banaketak hizkuntzan oinarritu ziren teoria ezin dela zuzena izan. Uste izatekoa da Elizak ere edukiko zituela bere interes ekonomikoak eta politikoak, eta, ziurrenera, horiek daude elizaren egituraren oinarrian.
Mitxelenak, hain zuzen, argiro esan zuen gaur egungo euskalkiak erromatarren ondorengoak zirela, eta badirudi arrazoia zeukala, ze euskalkiak zaharrak izatera, askozaz diferenteagoak izango lirateke, eta dialektologiak erakusten duena da benetan bereziak diren euskalkiak mendebalekoa eta Zuberoakoa direla; erdikoen artean batasun handia dago. Gipuzkoan, Nafarroan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean egiten den euskara oso antzekoa da.
Bada beste gauza bat Mitxelenak esaten zuena eta egia dena: latinetik etorri diren hainbat berba euskaraz modu berean eboluzionatu dutela euskalki guztietan. Jakina, euskalkiak erromatarrak etorri baino lehen sortuta egon balira, diferentea izango zen latineko hitzek euskalki horietako bakoitzean izango zuten eboluzioa. Beraz, euskalkien sorrera beranduagokoa dela ematen du, Erdi Arokoa.
Eta horrek guztiak zein ondorio dakar?
Ba euskararen historia beste era batera ikusi behar dugula. Orain arte eduki ditugun zenbait iritzi ez du ematen zuzenak direnik.
GAURKO AHOLKUA
Euskalkiaren altzorik ez duen euskara ikasle batek estandarrera joaz nahikoa ote du?
Beharbada bai, baina lehen esan dudana errepikatuko dut: euskara batua malgua izan behar dela eta gau eskoletan eta ikastetxeetan ondo kontuan hartu behar direla inguruko euskalkiak. Esate baterako, Lizarran euskaldundu behar duenari Nafarroako eredutik gertuko hizkera erakustea komeni da, Santurtzikoari Bizkaikoa eta Baionakoari Lapurdi eta Nafarroa Beherekoa. Esan nahi dudana da, leku erdaldunetan ere ezin dugula edozein modutara jokatu, haietan ere kontuan hartu behar dugu zein ingurunetan gauden.
Eta Gasteizen, esate baterako, zer egin liteke?
Gasteiz mendebaleko eremuan egon da eta, Bizkaiarekin, Deba ibarrarekin eta Goierrirekin hartu-emana izan duela jakinda, alderdi horietara begira jartzea litzateke egokiena. Beraz, antzina ibili zen alderantzizko bidea egin behar da orain: antzina Gasteiz izan zen emaile eta orain hartzaile izatea egokitzen zaio. Horrela jokatuz gero, euskaltegian ikasten dena lasterrago praktikatzeko aukera egongo litzateke. Sarritan ikasleei erakusten zaien euskara urrun gelditzen da inguruan erabiltzen denetik eta horrek ikasleak bere burua arrotz bezala ikustea ekartzen du. Aldiz, eskolan eta euskaltegian ikasitakoa bere inguruan entzuten badu, animatu eta motibazio handiagoa edukiko du eskolan ikasitakoa kalean erabiltzeko. Merkeago eta lasterrago ikasiko litzateke euskara.
ZURE USTEZ ZER DA... ?
Ahozkotasuna zer da?
Naturaltasuna, identitatea, aberastasuna, sormena
Zuzentasuna?
Beharrezkoa, baina pasatu gabe. Ezin zaie denei neurri berean eskatu
Aberastasuna?
Beharrezkoa, hizkuntzarekin gustura egon eta gozatu dezagun
Ikasleak?
Asko irakatsi didate
Irakasleak?
Dakiguna transmititzea da gure zeregina
Konplexua
Gainditu beharrekoa
Euskara batua
Ezinbesteko tresna
Euskara bantua
Baztertu beharrekoa
Euskara formala
Bizimoduko hainbat gauza adierazteko beharrezkoa
Euskara informala
Bizimoduko beste hainbat gauza adierazteko ezinbestekoa
Euskara Araban
Euskalduntzea
Baliabideak
Esteka interesgarriak